GARA Euskal Herriko egunkaria
JOPUNTUA

Kontu


Nik tradizioa defendatzen dut». Izan zitekeen eduki ez dudan aitona erreketearen esaldi borobil bat, abuztuaren 15eko bazkalondoan botarikoa. Izan zitekeen, baina ez da. Izan ere, Mariasun Landa idazleak “Berria”-n emaniko elkarrizketa batean esaniko esaldi borobila da, bistan denez, nik artikulu honetarako testuingurutik atera dudana.

Horri egin beharreko galdera da, maiz Xamarri aditu diodana, ea noizko tradizioaz ari den bat halakoak botatzean. Txosnagune bat tradizionala baita dagoeneko Euskal Herriko jaietan. Aipatu dudan elkarrizketa bizpahiru aldiz irakurri dut, guztia ondo ulertu gabe. Oharrak hartu ditut ertzetan. Hala, pentsatu dut ea zergatik defendatzen duen idazleak XVIII. mendeko ipuinek asmo pedagogikoak edukitzea ona dela eta gaur egun ez. “Ikuspegi pedagogikoa da haur eta gazte literaturaren gaitz endemikoa”, dio titularrak. Mesfidantza eragiten didate halako baieztapenek. Baina ahapeka esango dut, ez nagoelako ziur.

Igande iluntzean torturari eta Nafarroako Torturatu Sareari buruz Aretxabaletan Urbaltz elkarteak antolatu duen saioaren ostean, tripako mina dut. Zenbat oinaze. Zenbat sufrimendu. Leiho aurka zaparrada hotsa, gaua erabatekoa da inguruan. Sofan jesarrita 7Kren ale oraindik maiztu gabea hartu dut esku artean eta azalean Pello Reparazek zalantza arteko bizitza aldarrikatzen du. Poztu naiz. Bestalde, ona da elkarrizketa, Sustrai Colinak egiten duen gehiena bezalatsu.

Oheratu eta torturari buruzkoak ditut ostera ere buru-joka, hezurra zulatu nahi duten okil besterik ez diren ideiak. Adibidez, ba ote dute onaren eta gaizkiaren arteko mugari buruzko zalantzarik tortura kasuak estali zituzten epaile, mediku forentse eta agente judizialek? Metroan eskean ari direnei irribarre ala zaunka egiten diete abuztuko egun sargorietan? Iruditzen zaie Fredo Corleone dela inoizko filmetan egon den pertsonaiarik tragikoena? Gure lo eza haien zurrunga da? Polizia izan gabe tortura ahalbidetu dutenek ere uste dute literaturatasuna dagoela Angel Martinez komisarioaren gainetik?