GARA Euskal Herriko egunkaria
JOPUNTUA

Soldaduskaren mamua


Hamaikagarren aldiz, mamu bat dabil Europan barrena. Baina, ixo, isilka-misilka etorri da, eta goi-bulegoetan bakarrik aditzen da ahapeka haren xuxurla, boto-emaileen kale gorritik ahalik urrutien eduki beharreko mamua baita. Soldaduskaren, derrigorrezko errekrutatzearen, konskripzioaren, mamua da oraingoa.

«Demokrazia» deitu ohi dugun gure bozketa-bidezko legitimazio-sistemek oinordekotzan jaso zuten konskripzioa, tributu-sistemarekin uztarri berberean (horrexegatik deitu zioten batzuek odol-tributua). Historiaren bitxitasunengatik edo, erdi-salbuespenezkoak izan ziren herritxo batzuetan kostatu eta kostatu bazitzaien ere hiltegietarako lerroak eratzea. Azkenean, duela belaunaldi bat, logika hutsekoa lirudikeena nagusitu egin zen eta derrigorrezko errekrutatzea bertan behera geratu zen herrialde «aurreratu» gehientsuenetan. Apenas hausnartu genuen orduan zenbateraino zen aldaketa haren zergatia kaltetuen erresistentzia (gurean, adibidez), abagunearen egokiera (Gerra Hotza ez ezik historia ere amaitua zela zeritzon baten batek) edo eliteen komenentzia (badakizu, profesionalak hobe edozertarako). Mende askotan etxeko atean egon den katearen aditzerarik gabe hazi dela belaunaldi bat, hori zen kontua.

Baina hara non XXI. mendeko hirugarren hamarkadak -Ukrainako gerrak, nagusiki, baina ez hark bakarrik- gogorarazi dien gure eliteei gerrak, benetakoak, armekin ez ezik soldaduekin egiten direla. Egungo armak ezin sofistikatuagoak direla, adimen artifizialarekin ere funtziona dezaketenak; baina aurkariarenak ere halakoxeak direnez, arma horiek kudeatuko dituzten soldaduak ere ezin trebatuagoak behar dutela izan, eta ordezkapen-tasa ikaragarriak behar dituztela. Gizartearen ertzetan soldatatxoen «borondatez» errekrutatu daitezkeenak baino askoz gehiago -eta hobeak- behar direla. Macronek Ukrainara soldaduak bidaltzeko globoa edo Breuer jeneralak bost urteko epean Errusiarekiko gerra prestatu beharra haizatzen dutenean mamu isilaren tonua ematen ari dira.