GARA Euskal Herriko egunkaria
JOPUNTUA

Martxoaren 8a eta ondorengoak


Etzi. Kaleak, arropak, adierazpenak... morez jantziko dira. Ziur beste behin indar erakustaldia egingo dela, azken urteetan bultzada hartu duen erreibindikazio feministak ez duelako oraindik goia jo, eta, tamalez, aldarrikapenerako arrazoiak izan badirelako: indarkeria matxistak hildakoak eragiten jarraitzen du, etxea eta kaleak ez dira oraindik emakumeontzat eremu seguruak, lan esparruak ere ez, ahaleginak eginagatik ere gure lana ikusarazteko eta errekonozimendua jasotzeko zailtasun handiagoak ditugu, eremu batzuk oraindik arrotzak eta desatseginak zaizkigu, estereotipoek eta sozialki ezarritako genero rolek gure egunekoa mugatu eta buru eta gorputz osasunean eragiten digute, zaintza behar dugu eta zaintzak agortzen gaitu... aldarria behin eta berriz egin beharrak ere, agian, bai.

Ez dira sei hilabete pasa, mugimendu feministaren eta sindikatuen deiari erantzunez, Zaintza eskubide kolektiboaren alde greba feminista egin zenetik, manifestaldietan aldarriari oihartzuna emateko eta antolatutako ekimen desberdinen bidez ezinak partekatzeko eta barrenak askatzeko balio izan zuen; arrakastatsua izan zen, baina aurrerapauso ageriko eta ukigarririk ez da antzeman, eta prozesu gisa marraztutako aldaketaren premia berriz ere aldarrikatu beharko da.

Finean egun bat ez, martxoak dituen guztiak eta gehiago behar ditugu aldarri guztiei behar bezala eusteko, indarra hartu dutenak agendan manten daitezen lortzeko eta atzeraldirik izan ez dadin gizarteari tentuz begiratzeko. Sasoi aproposa da ondorengo asteetan datorrena, Martxoaren 8ko indarrari eusteko eta eragiteko, hauteskunde kanpainaren bezperetan sartuta eta kanpainaurre betean hautagaiek konpromisoak hartu eta haiek betetzeko hitza eman dezaten lortzeko, mugimendu feministaren aldarriak botoak lortzeko tresna gisa erabili ez ditzaten presio egiteko, benetako gizarte parekide eta feministaren alde lan egin dezaten eskatzeko... Martxoaren 8a luzatzeko.