GARA Euskal Herriko egunkaria
KOPA

Oroitzapen onak eta asmo hobeak, egungo txapeldunaren aurrean

Realak Atletico Madrilen kontra jokatuko du gaur (19.00, ETB1) Kopako finalerdietako joaneko partida. Jokalari guztiak prest ditu Natalia Arroyok.

Donostiarrek ilusio handia jarria dute Kopan. (Jon URBE | FOKU)

Madrilera bidaiatu du Realak oroitzapen onekin eta asmo hobeekin. Sporting eta Levante kanporatu ondoren, Kopako bigarren finalerako txartela du jokoan; hain zuzen, lehenengoan gainditu zuen aurkariaren kontra. Alegia, Atletico Madrili irabazi beharko dio denboraldiko helburu handiena eskuratzeko.

Egungo txapelduna izanda eta Ligan ere aurretik doanez -aldea bost puntura soilik murriztu bada ere-, «faborito» etiketa jarria du talde zuri-gorriak, baina Donostian ez daude guztiz ados. «Badirudi inoiz ez garela gu faboritoak -esan du Nerea Eizagirrek-, baina gero min egiten dugu beti. Atleticoren kontrako Kopako finalean ez ginen, eta irabazi egin genuen. Levanteren aurka ere ez ginen. Egia esan, eskertzen da aurkariak izatea erantzukizun hori. Baina gero jokatu egin behar da».

Argi dute zuri-urdinek, edozein kasutan, aurkari gogorra dela, baina baita Reala bera kontuan hartzeko moduko taldea dela ere. «Levanteren aurkako kanporaketa ere oso zaila zen, baina taldeak oso bertsio ona eman zuen -gogoratu du kapitainak-; aurkari handien aurrean lehiatzeko gai garela erakutsi genuen. Oraingoan ere bertsio horretara heltzea espero dugu. Gainera, Madrilen beti eskaini dugu bertsio on bat, ondo moldatzen gara zelai horretan».

Gainera, itzuliko neurketa Zubietan jokatzea abantaila omen da gipuzkoarrentzat, gaur horretan pentsatzea akatsa izan badaiteke ere. Realak, behintzat, ez du espekulatzeko asmorik. «Nola egiten den ere ez dakigu -esan du Natalia Arroyok-. Ahalik eta partida onena egiten saiatuko gara. Badakigu 90 edo 120 minutu gehiago jokatuko ditugula datorren astean, baina aurreko 90 minutuak ondo jokatzen baditugu, finaletik gertuago egongo gara. Behar baino lehenago hasten bagara bigarrenean pentsatzen, huts egingo dugu».

Ilusioaz gain, konfiantza handia erakutsi du entrenatzaileak. Zerikusi handia du final-laurdenetan egindakoak, «autoestimuan eragina» izan zuelako eta «bidea zein izan daitekeen erakutsi zigulako» Levanteren aurkako garaipenak, eta Realaren goranzko ibilbideak. «Taldea hazi da, errekurtso gehiago ditu. Garrantzitsua da, Atleticoren kontra erregistro guztietan ondo aritu beharko garelako. Baina badakigu gai garela».

Arroyoren baikortasuna borobiltzeko, bere jokalari guztiak jokatzeko prest daude eta deialdian sartu ahal izan ditu, Manu Vanegas, Urrezko Kopatik itzuli dena, barne.