GARA Euskal Herriko egunkaria

«Bi urtez ontzen egon diren ideiak jendeari eskaintzeko garaia iritsi da»

Hutsetik hastea zaila da, zalantzati ere jartzen da bat halako egoeraren aurrean. Eta gisa horretan saiakera egin du Bulego taldeak ‘‘Aldatu aurretik’’ diskoarekin. Abenduan kaleratu zuten lana eta igande honetan, martxoak 10, aurkeztuko dute Donostiako Kursaal jauregian. Kontzerturako ez da sarrerarik geratzen, eta horrek ilusioa bezainbesteko ardura sortzen dio Azkoitiko taldeari. Martxoan eta apirilean izango dira emanaldi gehiago.

Ruben Lizarralde, Tomas Lizarazu eta Xabier Arrieta dira hasieratik Bulego taldean dauden hiruak. (Andoni BERISTAIN)

«Ilusioz gaude jaiotze berri honekin eta hasiera berri honekin», esan digu Tomas Lizarazuk, Bulego taldeko kideak. Diskoaren kontzeptuak aldaketen inguruan hitz egiten du, eta Tomasentzat aldaketa hori guztia aitatasunetik etorri da. «Nire barruan gauza asko mugitu zituen aitatasunak eta polita iruditu zitzaidan hitzen bitartez istorio hori guztia kontatzea. Proiektuaren hasieratik saiatu gara bihotzetik abesten, istorio horiek azaleratzen. Eta zer bizipen handiagorik aitatasunaren abentura hori baino, ezta?», esan digu musikari azkoitiarrak. Dena dela, «aldaketa bizi duen edonork bere egin ahalko zukeen diskoa» dela aipatu du Lizarazuk, «denok aldaketak bizi izaten ditugulako gure bizitzan». Aldaketa horri aurre egin nahi dionarentzat indarra emateko nahia duen diskoa da, beraz, Bulegorena.

Taldean aldaketa handi hori nola bizi duten galdetuta, Xabi Arrietak esan diguna da «Tom pertsona oso arduratsu eta langilea» dela. «Alaba eduki zuenetik guk taldean ez dugu alde handirik nabaritu. Bere antolakuntzan-eta izango ditu gorabeherak, baina taldeari ez dio bereziki eragin. Ondo eramaten dabil aitatasunaren kontua, eta guk ere modu politean bizi dugu. Juliarekin asko egoten gara eta asko maite dugu», kontatu du Arrietak.

BIRA BARRUAN KONPOSATZEN

«Bulego 2020an sortu zen eta, lehen kontzertutik hiru urte baino pasatu ez diren arren, ditugun bizipenak kontuan izanda, hamar edo hogei urteko ibilbidea duen talde batenak dirudite. Epe oso labur batean bizitzeko zortea eta pribilegioa izan dugu, plaza politak egiteko aukera izan dugu azken urtean, nazioartean ere ibili gara; eta guztia, konposaketarako tartea hartuz, gainera. Konposatzeko garaian polita izan da barruko ume horrekin, barruko ameslari horrekin konektatzea, eta bira baten bitartean izatea hori guztia ederra izan da. Ideiak bi urtez ontzen aritu gara, eta orain jendeari eskaintzeko garaia iritsi da».

Iaz Japonian izan ziren, aurreko bira bukatu aurretik, eta esperientzia «sekulakoa» izan zela adierazi digu Arrietak: «Esperientzia aparta izan da eta talde bezala asko batu gaitu. Bagenekien talde batentzat halako bidaia bat ederra izaten dela, eta esperotakoa baino hobea izan da gertatutakoa. Euskarak bertan duen harrera ere nabarmentzeko zerbait dela esango nuke. Orain berriz ere kanpora irteteko gogoz gaude».

Behin halako bira bat ondo irteten denean, normala denez, errepikatzeko nahia ere areagotu egiten da. «Gu saiatu gara gure musikarekin ahalik urrutien iristen. Eta euskaldunok askotan euskarak kanpoan ez ote duen funtzionatuko dugun beldur hori ere gainetik kendu nahi izan dugu. Saiatu gara horretan hasieratik, eta sentsazioa dut etxetik zenbat eta urrunago joan orduan eta hobeto hartzen dituztela gure hizkuntza eta gure kultura. Euskarak ateak zabaldu dizkigu kanpoko herrialde batean, eta berriz ere irten nahiko genuke honi guztiari tenperatura hartu ahal izateko», esan du Lizarazuk.

UDABERRIAN AURKEZPENAK

Bilboko Kafe Antzokian bukatu zutenerako, Kursaaleko dena salduta zuten Bulego taldekoek. Igande honetan izango da kontzertu hori.

Nolanahi ere, Donostiakoaren ondoren, Baionan egingo dute Euskal Herriko hurrengo emanaldia, martxoaren 21ean, Le Magneto aretoan; eta, jarraian, BECen ZEID Festen apirilaren 13an. Iruñeko Zentralen izango dira apirilaren 26an, eta Gasteizko Jimmy Jazzen apirilaren 27an.