GARA Euskal Herriko egunkaria

Zenbait manifestaziori loturiko ekintzak egotzi dizkiete Lapurdin atxiloturiko gazteei

Sei herritar atzeman zituzten atzo goizean Urruñan, Hendaian, Baionan eta Kanbon isla izan zuen operazioan. Polizia frantsesak U14 kolektiboaren protestekin lotzen ditu Lapurdiko hiriburuko komisariara eraman zituzten gazteak. Horietatik bat aske irten zen arratsaldean, baina beste bosti atxiloaldia gaur arte luzatu zieten.

Atxiloturiko gazteak libre uztea galdetzeko, atzo eguerdian, Baionako komisariaren aurrean eginiko elkarretaratzea. (Patxi BELTZAIZ)

Polizia frantsesak goizean atzeman zituen bost euskal herritarrek Baionako komisarian jarraitzen zuten bart. Jerome Bourrier Baionako prokuradoreak baieztatu zuen guztira sei lagun atzeman zituela Poliziak, zenbait mobilizazioekin izandako «istiluak eta kalteak» zirela-eta. Atxilotuetarik bat aske utzi zuten arratsaldean.

Besta nazional frantsesa «jai egun arrotza eta inposatua dela» salatzeko U14 kolektiboak antolaturiko ekimenekin lotu omen dituzte Poliziak atxiloturiko gazteak.

2022 eta 2023an Donibane Lohizunen kolektiboak antolaturiko mobilizazioetan izandako ekintzak nabarmendu zituzten polizia iturriek. Hala nola hildakoen aldeko oroigarrian, Ziburun, bandera frantsesak kendu zituztela iaz.

Oroitzearren, joan zen urteko uztailaren 14a kari zenbait ekimen burutu zituzten Ipar Euskal Herrian. Hala, hiria bisitariez betea zelarik su artifizialen denboran, «Ez zarete Frantzian, hau Euskal Herria da» zioen banderola erraldoia zabaldu zuen Xuti gazte mugimenduak Biarritzen.

Donibane Lohizunen, berriz, aurreko urteetako dinamikari segida emanez, martxa burutu zuen U14 kolektiboak.

Manifestazio horren ondotik, Pirinio Atlantikoen prefetak salaketa ezartzeko asmoa iragarri zuen. Taldeak bultzaturiko mobilizazio horren testuinguruan «bandera frantsesak kendu eta lurrera bota zituztelako» salaketa ezartzeko erabakia adierazi zuen estatu ordezkariak. Zehazki, «ikur frantsesaren aurkako laido delitua» izan zelakoan, Julien Charlesek salaketa ezarri zuen prokuradorearen aurrean.

Era berean, 2023ko uztailaren 14aren bezperetan, kasu horretan, Hendaiako tren ttipian izan zen erasoa (turismoa salatzeko pintaketak egin zituzten) aipatu zuen Poliziak atzoko atxiloketen harira, baita erretreten erreformaren kontrako mobilizazio batean, Baionan, manifestarien eta polizien arteko liskarrak ere.

Atxiloketak Urruñan, Hendaian, Baionan eta Kanbon egin zituzten poliziek. Lehen herrian bi mutil gazte atzeman zituzten. Gurasoen etxetik gertu partekatzen duten etxebizitzan atxilotu zituzten bi anaiak. Familiak GARAri azaldu zion poliziek gazteen etxebizitza miatu zutela.

Hendaian bikotea osatzen duten bertze bi herritar atzeman zituen Poliziak. Finean, Kanbon eta Baionan herritar bana atzeman zituzten.

Sei gazteak Baionan Polizia frantsesak duen komisariara eraman zituzten eta han igaro zuten eguna.

Iluntzean baieztatu zen bost gazteei atxiloaldia, bederen gaur arte, luzatzeko erabakia. Seigarrena libre irten zen. Atxiloketak salatzeko lehen elkarretaratzea egin zuten eguerdian komisariaren aurrean. Gazte gehienak gatibu jarraituko zutela baieztatu zenean, beste mobilizazio bat egin zuten arratsaldean.

Gazteak aske uztea eskatzeko eta haien gertukoei elkartasuna helarazteko adierazpen ugari heldu ziren egunean zehar.

ATXILOKETAK SALATU DITUZTE

Ipar Euskal Herriko Gazte Kontseilu Sozialistak mezua zabaldu zuen sare sozialen bidez, sei atxiloketak salatzeko eta Baionako komisariaren aurrean elkartzera deituz. «Militantzia politikoa are kriminalizatuago den garai honetan, eskubide politikoen defentsan antolatzea dagokigu», adierazi zuen.

Euskal Herria Zuzenean festibalak, bere aldetik, sei atxilotuak askatzea galdetu zuen, lagun horiek guztiak boluntario gisa aritu direla EHZn nabarmendu ondoren. Iparra Hegoak, bere aldetik, atxiloturiko lagunen artean Segura eta Urruñako kultur eragileak biltzen dituen elkarteko laguntzaile bi zirela ezagutzera eman ondoren, atxilotuak libre uztea eskatu zuen.

Xuti gazte mugimenduak atxilo hartu zituzten lagunak berehala aske uztea galdegin zuen. «Estatu frantsesak euskal gazteen aurka burutzen duen jazarpena ezin da onartu», adierazi zuen sare sozialen bidez zabalduriko mezuan.

Euskal Herrian aro berri batean delarik, Parisek iraganeko eskemak berrerabiltzen dituela arbuiatu zuen Euskal Herria Baik. «Euskal herritarren aurkako errepresioari» amaiera ematea galdetu zuen. Ildo beretik, Ipar Euskal Herriko LAB sindikatuak «Estatu frantsesak euskal gazteen aurka burutzen dituen intimidazioak eta jazarpenak ez ditugu onartzen», ohar egin zuen.