GARA Euskal Herriko egunkaria
MARTXOAREN 8A

Borroka feminista «dimentsio guztietan» zabaltzeko eguna

«Zaintza sistema publikoaren aldeko blokea» eratzen ari da Euskal Herriko mugimendu feminista, eta Martxoaren 8 honetan «elkarrekin bizitza bizigarrien aldeko estrategiak marrazteko apustua» plazaratuko da hiriburu, herri eta auzoetan eginen diren mobilizazioetan. Kaleak hartzera deitu dute: «Mundua aldatzeko ari gara!».

Euskal Herriko Bilgune Feministako kideak, Martxoaren 8a aurkezten, Iruñean. (Iñigo URIZ | FOKU)

“Dimentsio guztiak” izenburua jarri dio Euskal Herriko Bilgune Feministak Martxoaren 8ko mezuari, zabaltzen ari den borrokak geruza aunitz dituelako. «Zaintza ereduaz hitz egiten ari gara. Sistema publiko baten beharra aldarrikatu, eta pribatizazioa salatzen dugu. Sistema arrazista erauzteko aliantzak ehuntzen ari gara. Gobernatzeko bestelako ereduak exijitzen ari gara».

«Zaintza sistema publikoaren aldeko blokea eratzen ari garela esateko ausardia dugu», nabarmendu dute mobilizazio egunaren atarian egin dituzten aurkezpenetan.

Horrekin lotura zuzena du Martxoaren 8ko leloak: “Gure bizitzekin negoziorik ez, arduratu zaitezte jada!”. Hiriburuetako manifestazioetan lau haizeetara hedatuko dute mezu hori, baita herri eta auzoetan ere. Baionan 18.00etan aterako dira Herriko Etxetik; Gasteizen, ordu berean San Antonetik; Donostian, 18.30ean Antiguako tuneletik; Iruñean, 19.00etan Antoniutti parketik; eta Bilbon, ordu berean, Jesusen Bihotza plazatik.

Gazte feministentzat bilgune izateko xedez, Ihurtzuri taldea jaio da Ipar Euskal Herrian. Euskal Herriko Neska* Gazteen Sarean txertatuko da, eta Martxoaren 8ko ekintzetan parte hartzera animatu du.

Euskal Herriko Mugimendu Feministaren iritziz, euskal gobernuak zaintzaren inguruan egiten ari diren kudeaketa «penagarria da.

Zaintza langileen lan baldintzak hobetzeko ez da inolako neurririk hartzen. Pribatizazioan sakontzen jarraitzen dute. Lurraldeen arteko desorekarekin ez ikusiarena egiten dute».

Hortaz, «ardatz ezberdinetan zapaltzen gaituen sistemari, beste sistema baten proposamenarekin erantzun diogu».

Bilbo Feminista Saretzen-ek oroitu zuenez, iazko Martxoaren 8an greba feminista orokorra iragarri zuten, Euskal Herriko lehenengoa, zaintza eskubide kolektiboaren alde eta zaintza sistema publiko eta komunitarioa exijitzeko. «Hala lortu genuen historia egitea. Baina ez da nahikoa, eta ez gara geldituko gure helburua lortu arte: zaintza lanak merkatu eremu bihurtzeari uztea».

«Asko daukagu esateko, eta ozen oihukatzen jarraituko dugu etxeko eta egoitzetako langileen, etxez etxeko laguntza zerbitzuaren edota emakume palestinarren egoera salatzeko», adierazi zuten.