GARA Euskal Herriko egunkaria
ELKARRIZKETA
Entrevue
RUPER ORDORIKA
Musikaria

«Jonanek bazuen kezka diskoa sobera serio geratzekoa»

Disko berezia kaleratu du Ruper Ordorikak (Oñati, 1956). Berezia soinuan, ‘‘Bakarka II’’ lan honetan bera eta gitarra baino ez ditugulako entzungo. Baina are bereziagoa da, soinu hori grabatzen Jonan Ordorika anaia izan zuelako ondoan, ohiko legez eta azkeneko aldiz grabaketa batean. Hala ere, umorez eta indartsu sumatu dugu musikari oñatiarra.

(Jon URBE | FOKU)

Kaixo, Ruper. Zer moduz?

Kaixo, ondo, ondo.

Mila esker etortzearren, aurrez aurre egiten den elkarrizketa batek beste xarma bat du-eta.

Badu, badu.

«Bakarka II» diskoa artifiziorik gabeko lana dela esan duzu.

Begien bistan dago, esan gabe doa, izatez gitarra eta ahotsa bakarrik entzuten direlako diskoan. Aurrekoaren jarraipena da, ‘‘Bakarka’’ diskoarena, alegia. Hamar bat urte dira bakarkako emanaldiak egiten hasi nintzela, eta horren ondorioz etorri dira bi disko hauek.

Erosoago nola aritzen zara zu, bakarka edo taldean?

Bi mundu dira. Taldearekin izaten da halako nahi bat, ez dadila gerta Ruper gehi musikariak izatea, baizik eta beste zerbait. Beste harreman bat izaten da jendearekin, beste eszenatoki batzuk… Baina bakarka oso gustura aritzen naiz.

Gitarra eta zu, horrela grabatuta daude, Jonan anaiarekin. Pentsatzen dut, orain entzutean, berriz ere momentu asko etorriko zaizkizula burura.

Ez da samurra izan. Diskoa bukatuta genuen uda aurretik, eta, justu azken ukitua behar genuenean, zendu zen Jonan. Nire disko gehienak eta zuzenekoak berarekin eginak ditut, baina bereziki bakarkako hauek. Gehiago esango dizut, berak bazuen bere kezka, sobera serio geratzekoa. Hura pop eta rock mundutik zetorrenez, beti proposatzen zizkidan kantu mugituagoak, eta nik kasu egiten nion askotan horretan.

Zure kantuak denboran asko aldatzen joan dira, gainera.

Nik berez kantuak bakarka egiten ditut. Baina, batzuetan, musikariekin pentsatuko ez zenukeen tokietara ere iristen zara.

Paco Locok ere sartu du eskua diskoan.

Bai, erreberberazioan. Anaiaren lagun mina izan da urteetan, eta berak baditu tresna batzuk nire hasieratakoak. Malgukidun erreberberazioko gailuak ditu eta ez digitalak; nik asko maite dut hori. Ez disko honetan bakarrik, aurreko bizpahiru disko ere bidali nizkion behin nahasketak eginda. Berak bueltan bidaltzen dizkigu reverb horien ondorioak eta guk erabiltzen ditugu edo ez, normalean bai. Asko eskertzen diot egiten duen hori. Gure gogoan dagoen zerbait da; gure lehen diskoetan ez zegoen CDrik ez ezer, eta soinua ere halakoa da. Nire ustez erreberberazio honek badu garrantzia nire musikan.

Gaur egun dena modu digitalago batean egiten da.

Beharrik, gauzak aurrera doaz-eta. Nik aipatu ditudan gailu analogiko hauek ia bere horretan armairu bat dira eta Paco Locok bere estudioan dituenak oso onak dira.

«Zaldiak negarrez» kantuan hori oso agerikoa da. 1990eko kantuan eragin hori badago. Baina jakin nahi dudana da nola grabatu duzuen gitarra hori estudioan.

Hau Jonanen Azkarateko estudioa itxi eta zuen mastering estudioan grabatuta dago. Normalean dena gela handian grabatzen dugu, baina badu gela txiki bat ere. Kasu honetan, gitarraren anplifikadorea gela txikian jarri genuen, pare bat mikrofonorekin. Egia esateko, nahi nuena zen Joseba Irazokiri edota Arkaitz Minerri anplifikagailu handi bat eskatu eta harekin grabatzea. Baina, azkenean, nire anplifikadore txikiarekin egin nuen. Denborarekin ikasi dudan zerbait da, omen Keith Richardsek ere anplifikadore txikiak oso behartuta dituela grabatzen duela. Hortaz, sentsazioa da handi baten soinuarena. Hori egin nuen, horrekin probatu, ni beste salan jotzen ari nintzen bitartean. Eta reverb handitxoa du, jakina.

Esan behar dut nire barruan nire anaiari bereziki zuzendutako abestia dela. Bera bereziki The Velvet Underground eta Lou Reed taldearen zalea izanik, bera gogoan izan dut kantu honetan.

Gaiaz aldatuta, abandonatuta sentitzearen kontuak ere ez dakit ez ote dituzun agerian utzi «Artista baten istorioa» kantuan. Zuretzat artista bizitza gogorra izan da?

Ez, hau Daniel Johnstonen kantua da, bitxia. Bakarkako emanaldietan askotan sartzen dut bertsioren bat; hau ez bereziki, baina egin dezaket Eñaut Etxamendiren kantu bat edo Mikelena… Hau oso hurbiletik ezagutu dut kasualitatez eta bertsio bat egin nuen. ‘‘The story of an artist’’ kantua da izatez, aldaera bat. Berak, Daniel Johnstonek, bai sufritu zuen aipatu duzun hori. Bere gaixotasunagatik eta abar. Irri egiten zuen horren inguruan naiftasun horretan, nahi ez balu bezala halako gai inportante bat aipatuz. Eginkizunetan sartzeko ondokoen babes bat behar duzu, eta hori da abestiak hemen aipatzen duena.

Zu behintzat publikoak maite zaitu. Baina ez dakit hori nola sentitzen ote duzun zuk.

Denetarik sentitu dut, baina denborarekin bai sentitzen dudala publikoaren maitasuna eta eskertu ere bai. Nik uste dut gauzak asko aldatu direla denboran, zorionez. Gure sasoietan musikari izatea bera ez zen inoren aukeretan sartzen eta, gerora, gauzak aldatu dira. Udaletxeek uzten dituzte lokalak entseatzeko, adibidez. Nire talaiatik horretaz hitz egitea itsusi ere bada, lehenagoko kontuak hasten zarenean kontatzen arraroa ere badelako. Baina dena aldatu da, zorionez.

Zure herriak zure kantu bat bere ere egin du, «Oñati, dabilen herria» bezala aurkezten delako. Eta Oñati, musikan behinik behin, badabil.

Beti ibili da eta badabil. Ez dut nahiko nukeen beste ezaguera. Badut harremana, eta oso gauza onak ikusten ditut. Nire mutikotan ere harrigarria zen Oñatikoa. Orduan baziren konjuntoak, bi edo hiru. Eta horretaz ari nintzen lehen. Itoizen lehen kontzertuko teloneroa ni izan nintzen, Ondarroan, ‘‘Cine pesca’’-n. Eta, orduan, Itoizek bi urtez berbenetan aritu ostean aurreztutako diruarekin erositako ekipo bat estreinatu zuen. Cerwin-Vega ekipo bat zen eta garai hartan Ondarroan etxebizitza batek balio zuen adina ordaindu zuten. Orduan, ez dakit garai hartako esperientziak eta oraingoak alderatu ote daitezkeen. Baina, musikalki, Oñatin bazeuden talde onak eta orain ere badaude, oso onak.

Zure errepertorioan klasiko bat bihurtu den «Zaindu maite duzun hori» ere sartu da albumean. Ereserki bihurtu da.

Bere bidea egin duen kantua da, bai.

Euskaldun izatearen nekea ez dakit ez ote zaigun pilatzen ari, erresistentzia gero eta nekezagoa ez ote den.

Ez gero eta handiago. Ezagutu ditugu horrelakoak eta horretaz ari da kantua. Esaten digu beti behar dugula euskaldunok gogoetan ibili. Hau ezagutu dugu, euskaldunok badakigu geure apurra eta konstantzia behar ditugula, hor eutsi behar dugula eta ez gabiltzala bakarrik mundu honetan. Batzuetan ahaztu egiten dugu duela 200 urte ere euskaltzaleek uste zutela urtebete geroago galdu egingo zela euskara. Eta hemen gaude, irrati digital batean mintzo euskaraz.

Baikortasun horri eutsi behar zaio, gogoetan bada ere. Komunikazioak du berebiziko garrantzia, bestela hizkuntza ornamental bat bilakatuko da, apaingarri soil bat. Eta hori etengabe zure buruari planteatzen diozun gauza da ni bezala kantuak egiten edo zu bezala irratian dabilenarentzat, entzule imajinario bati ari gara komunikatzen, euskalduna dena. Bistan dena da, zorionez, musikak horren gainetik ere ibiltzeko aukera duela eta zaletuak topatzen dituzula euskaraz ere ez dakitenak, eta abar. Baina, berez, zure entzulea euskalduna irudikatzen duzu, eta hizkuntzari maitasuna zor diona.

«Izen zaharrak» aipatuta ere, ez dakit, bada, denborak asko aldatu duen kontua.

Begira, kantu hau ‘‘Memoriaren mapan’’ diskoan grabatu nuen eta ez nuen kantatzen. Iruditzen zitzaidan batzuetan Iparralderako guk badugula Hegoaldetik turistak bezala aritzekoa, iritziak emateko edozeri buruz, hango euskarari buruz eta halakoak.

Errespetuz-edo ez nuen abesten, harik eta hango jendea abesteko eskatzen hasi zitzaidan arte. Bat egiten zuten galera sentsazio horrekin. Orduan, berriz hartu nuen, eta iruditzen zait taldearekin egiten dugun aldaera behin betikoa dela, nahiz hau grabatu dudan. Gustatu zitzaidan duen giroa eta dena, eta hor dago, maketatik. Frogarako sortua geratu baita diskoan.

Zuzenekoak laster datoz.

Lehendabizikoak Herrialde Katalanetan izango dira, apirilean. Euskal Herrian maiatzean hasiko naiz hilaren bostean, poliki-poliki, ez dudalako taldekoa utzi nahi, haiekin ere noizean behin arituko naiz.

Bakarka lehena Aiherran dut, Nafarroa Beherean, maiatzaren 5ean, eta bigarrena Iruñean, Baluarteko ganbera aretoan, maiatzaren 19an, igande batekin.

Gero, airean baditut gauza batzuk, baina Bilbon, antzoki handian, Arriagan, izango naiz eta Donostian, abenduan, Victoria Eugenian. Tarteka hiriburuak behintzat egin nahi nituzke. Baina bakarkako honek malgutasuna ematen dit eta herri txikira joan zaitezke edo antzoki handira. Betiere lehen esan dizudana, betiere bizkarretan jarrita.

Mila esker gurekin izatearren, Ruper.

Zuri, eskerrik asko handi bat.