GARA Euskal Herriko egunkaria

Martxoaren 31ko Aberri Eguneko egitarau oparoa aurkeztu du EH Bilduk

EH Bilduk Iruñean ospatuko duen Aberri Egunaren egitaraua aurkeztu zuen, «nazioa garela» aldarrikatzeko xedearekin. Manifestazioaz gain, zenbait kultur ekitaldi izango dira.

EH Bilduk Aberri Eguneko egitaraua aurkeztu zuen Iruñeko Gazteluko plazan. (Idoia ZABALETA | FOKU)

EH Bilduk martxoaren 31n Iruñean antolatuko duen Aberri Egunari begirako egitaraua aurkeztu zuen atzo Iruñeko Gazteluko plazan eginiko agerraldian. Bertan, Pernando Barrena Europako Parlamenturako bozetarako hautagaiak eta Oihana Etxebarrieta EAEko hauteskunde kanpainako batzordearen bozeramaileak hitza hartu zuten, egunaren nondik norakoak azaltzeko.

Barrenaren adierazi zuenez, Euskal Herria nazio bat da, «ezabapen eskaera guztien gainetik» herri gisa bizirik mantentzeko gai izan dena. Ildo horretan, gogoratu zuen herriko frontoian dagoen Euskal Herriko armarria kentzera behartu duela Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak Atarrabiako Udala. «Ez da kontu berria. Historikoki egoera zailak gainditu izan ditu Euskal Herriak, eta herri gisa gure kultura, hizkuntza eta herria bizirik mantentzeko gai izan gara», nabarmendu zuen.

Hortaz, «mehatxu eta oztopoen aurrean, burujabetza eta demokraziaren bidean aurrera egiteko beharra» azpimarratu zuen, «eta horretarako beharrezkoa dugu euskal nazio kontzientzia bizirik mantentzea». Hala, martxoaren 31n «ditugun eskubide nazionalak» aldarrikatuko dituztela adierazi zuen Barrenak.

«Epaitegi espainoleetatik euskararen aurkako erasoak heldu dira, eta Espainia eta Frantziako estatuek ere gure izaera ukatzen duten hainbat ekinbide egin dituzte. Horregatik da beharrezkoa, gaur bertatik hasita, Euskal Herriaren etorkizuna eraikitzeko lanean jartzea», gehitu zuen.

EGITARAUA

Mota guztietako jarduerak dituen egitaraua prestatu du EH Bilduk egun horretarako. Etxebarrietak azaldu zuen ekitaldi nagusia 12.00etan Golemetik abiatu eta Antoniuttin bukatuko den manifestazioa izango dela.

Bestalde, 13.15etik aurrera, Basotxotik «kale animazioz giroturik» abiatu dira Alde Zaharrera, trikitilari, Dj, gaitero, buruhandi eta txarangekin. Burguen plazan umeen gunea izango da 16.00etatik aurrera, Ekain pailazoarekin eta jolasez. Arratsaldean musika eskaintza egonen da Gazteluko plazan. Kontzertuak 17.00etan hasiko dira, eta Perlata, Xiberoots eta Trikidantz taldeek joko dute.