GARA Euskal Herriko egunkaria

Gordintasunean maisu, Pelax taldeak «Esan gabe doa» diskoa kaleratu du

Egian, Donostian, duela 11 urte hasi zuen bere bidea Unai Pelayo musikariak «Pelax» izenarekin. Orduan bakarka aritzen zen, baina gerora sekulako taldea osatu eta bosgarren diskoa kaleratu dute orain, 2024ko urtarrilean. Ezbairik gabe, «Esan gabe doa» rock klasikoa maite dutenek entzuteko kantu bilduma aproposa da.

Berako Atala estudioan izan dira beste behin diskoa grabatzen Pelax taldekoak. (Unai PELAYO)

Artifiziorik gabeko musikaz hitz egiten ari gara azkenaldian maiz. Gorka Urbizuk edota Ruper Ordorikak ateratako diskoak horren adibide nabarmentzat ditugu, oso organikoak direlako, misterio handirik ez dutenak.

Tira, bada, Pelax taldeak denbora darama gisa horretan funtzionatzen eta gisa horretan kaleratu du ‘‘Esan gabe doa’’ diskoa. Urtarrilaren 9an kaleratu zuen disko berria Egiako taldeak ohiko formazioan. Andoni Olaetxea, Iñigo Ozaeta, Unai Pelayo eta Iker Vazquez dira Pelax. Aurreko diskoarekin egin bezala, aurrejuzgurik ez sortu nahian, abestien izen nahiko aseptikoak aukeratu dituzte. ‘‘Esan gabe doa’’ eman diote izenburuari, zalantza egin arren horrekin; izan ere, aurreko diskoari ‘‘ABDE’’ deitu zioten eta disko honetako kantuak zerotik zazpira izendatu dituzte, instrumentala, ‘‘5 lore’,’ salbu. «Hitzik ez duen kantu bakarra denez, lizentzia txiki hori har genezakeen. Baina ideia da jendeak musika entzutea bestelako pentsamendurik izan gabe aurretik; entzun eta atera ditzala bakoitzak bere ideiak», kontatu digu Unai Pelayok.

ATALA ESTUDIOAN GOXO

Iñigo Irazokiren Berako Atala estudioan grabatu dute eta oso modu sinplean funtzionatzen dutela kontatu digu Pelayok: «Ez ditugu ez mila pedal, ez ez dakit nik zenbat efektu eta halakoak erabiltzen. Gitarra eta anplifikadore txukun bana edukitzea da gakoa guretzat. Nahi dugun soinu hori bi elementu horietatik ateratzeko bai egiten dugula lan, baina gero ez gara erotzen; norbera da soinua lortu behar duena».

Bost urte joan dira disko batetik bestera eta gai oso pertsonaletatik abiatutako diskoa dela esan daiteke, gogoetak oso barrukoak direla. Musikalki, berriz, 1970eko hamarkadara egingo dugu salto nahitaez; horri eutsi diote, gitarren elkarrizketa dotore, erritmo dibertigarri eta soinu oso landuarekin. Desert rock-a batzuetan, Elkano Browning Cream edota Atom Rhumbaren unibertsora gerturatze bat besteren batean, zortziko erritmoa ere entzun dugu…

GAUR, TOLOSAKO BONBERENEAN

Zuzeneko taldea dira, ordea, sekulako zuzenekoa eskaintzen baitute Pelax taldekoek. Aste honetan, martxoaren 16an, Tolosako Bonberenean izango dira Leihotikan nafarrekin batera. Datorren astean, berriz, Ondarroako gaztetxean, martxoaren 22an, asteartearekin, Harat taldearekin oholtza partekatuz. Eta, azkenik, apirilaren 28an, igandearekin, Oñatiko Antixena gaztetxean izango dira ‘‘Esan gabe doa’’ diskoa aurkezten. Bitartean, edizio fisikoa, biniloa edota CDa, beren Bandcamp-eko orrialdean eskuratu daiteke, bai eta Balio Dute kolektiboaren web orrialdean ere.