GARA Euskal Herriko egunkaria

Hitzak (II)


Argitaratu eta gutxira, Schwartzek bere artikuluan aipatzen zuen ustezko biktimetako baten familiak gezurtatu egin zuen informazio guztia. Ekialde Hurbileko komunikabideek ere zalantzan jarri zuten ‘‘The New York Times”-ek (NYT) zabalduriko datuen benetakotasuna. Hala ere, Mendebaldean inork ez zuen protestarik egin, ondo dokumentaturik eta egiaztaturik dauden palestinarren kontrako sexu-krimenen gainean oraindik ere isiltasuna nagusi denean.

Horren guztiaren arrazoia argia izan beharko luke, baina ‘‘NYT’’-ek Mendebaldean duen ospe ona kontuan edukita agian ez da hain agerikoa, nahiz eta egunkariak bere arabofobia eta islamofobia ezkutatzeko ahalegin handirik egiten ez duen. Irakurtzea besterik ez dago palestinarren hilketak eta Israelen ekintzak nola deskribatzen dituen (lehenengoa ahots pasiboan beti, bere kabuz gertatuko balitz bezala; bigarrena ahots aktiboan, justifikazioz) edota nortzuen plataforma den (ikus arabiarrak intsektutzat dituen Thomas Friedman). Ez da atzo goizeko kontua; hemerotekara jo beharrik ez dago ‘‘NYT’’-en xenofobiaren ibilbidea zeinen luzea den konprobatzeko.

Bada beste kontu bat ere, NYTek mobilizatu baina sortu ez duena: Mendebaldean hain erroturik dagoen arabiar-musulman hitz elkarte sinplifikatzailearen adiera negatiboa, kriminala eta krimena aldi berean ezartzeko erabiltzen dena.