GARA Euskal Herriko egunkaria

Barne ministro ohi bat eta prefet ohi bat bakegileen auziko lekukoen artean dira

Apirilaren 2an eta 3an Parisen epaituko dituzten bi bakegileren auzian izen bereziko lekukoak izanen dira. Bake Bideak plazaratutako zerrendan, besteak beste, Estatu frantseseko bi zerbitzari ageri dira. Lehena, ETAren armagabetze garaian Pirinio Atlantikoen departamenduko prefeta izandako Eric Morvan da; bigarrena, berriz, Barne saileko ministro ohi Mathias Fekl.

Armagabetze saioa antolatu zen etxearen aitzinean iragan larunbatean eginiko agerraldia. (Patxi BELTZAIZ)

Luhuson 2016ko apirilaren 16an antolatu zen armagabetze saioari buruzko auzia apirilaren 2an eta 3an deitua da Parisen. Bi egun horietan Beatrice Molle-Haran eta Jean Noël Txetx Etxeberri, armak garraiatu eta metatu izana egotzita, Auzitegi Korrekzionalean epaituko dituzte.

Joan zen martxoaren 16an bake prozesuaren ibilbidean mugarria izan den ekintza gertatu zen etxearen aitzinean eginiko agerraldian 200 bat ordezkari bildu ziren, epaiketa hori zentzugabea dela salatzearekin batera, bi auzipetuen errugabetzea galdatzeko.

Atzo Bake Bideak agiria plazaratu zuen, auziari buruz hainbat xehetasun emateko.

Halatan, elkarteak zehaztutakoaren arabera, izen bereziko lekukoak deitu dituzte epailearen aurrean hitza hartzera. Zerrenda horretan daude Kotte Ezenarro Hendaiako auzapez sozialista; Sylvianne Alaux, alderdi bereko kidea eta diputatu ohia; eta Jean-Rene Etchegaray Baionako auzapez zentrista eta Euskal Elkargoko lehendakaria. Gisa berean, justizia trantsizionalean aditua den Pierre Massias Zuzenbide irakasleak ere lekukotasuna eskainiko du auzian. Zerrenda horretan pisuzko beste bi ordezkari ageri dira: lehena Eric Morvan da, armagabetze garaian Pirinio Atlantikoen Departamenduko prefeta izan zena, eta bigarrena Mathias Fekl, garai berean Estatu frantseseko Barne ministro karguan jardundakoa.

Azken hori, joan zen urtarrilean Bakegileek eta Bake Bideak aurkeztu zuten Molle-Haranen eta Etxeberriren aldeko manifestuaren sinatzaileen artean agertzen da.

Bestalde, Bake Bideak aditzera eman du zein izanen den bi bakegileen defentsan arituko den abokatuen taldea. Jean-François Blanco, Paueko abokatua; Jean-Michel Baloup, Parisko abokatua; Xantiana Cachenaut, Baionako abokatua; eta Patrick Baudouin, Parisko abokatua eta Giza Eskubideen Ligako presidentea arituko dira auzian, bi bakegileen errugabetzea helburu.

Finean, auziari begira, beste agerraldi bat iragarri du Bake Bideak. Zehazki, martxoaren 27an, asteazkenarekin, Parisen iraganen da aipaturiko ekimena. Parlamentari gisara hiriburu frantsesean jarduten duten euskal hautetsiek, familia politiko ezberdinetako bertze zenbait parlamentariekin batera, agerraldia eginen dute Asanblea Nazionalean.

Zehazki, Aristide Briand karrikaren 3. zenbakian egoitza duen erakundeko lehenengo aretoan iraganen da agerraldia. Han izanen dira Jean Noël Txetx Etcheverry eta Beatrice Molle, apirilaren 2an eta 3an Parisko Auzitegi Korrekzionaleko 16. aretoan epaituko dituzten bi bake artisauak.

SOSTENGU KANPAINA

Bestalde, auziaren denboran elkarretaratzeak eginen dituzte Euskal Herriko zazpi hiruburuetako herriko etxeen aitzinean.

Bi bakegileen errugabetzea «Euskal Herrian aro berri bat behin betiko irekitzeko» pizgarria izan daitekeelakoan, apirilaren 3an Maulen, Donibane Garazin, Baionan, Donostian, Bilbon, Iruñean eta Gasteizen elkarretaratzeetara deitu dute.

Auziak sorturiko gastuak estaltzeko abian emandako diru bilketa kanpainak aurrera segitzen du. Abantzu 16.000 euro bildu dituzte.