GARA Euskal Herriko egunkaria

Etxeko langileen hitzarmen baten alde eginen du LABek

Etxeko langileen egoera duintzeko hitzarmen kolektibo bat sinatzea ezinbestekoa dela adierazi zuen atzo LAB sindikatuak. Iruñean mobilizazioa eginen dute bihar, eta Bilbon, martxoaren 26an.

Etxeko langileentzako hitzarmen kolektibo baten alde mobilizatuko da LAB. (LAB SINDIKATUA)

Bi urte igaro dira LAB sindikatuak etxeko langileen sail sindikala osatu zuenetik eta Lan Harremanen Kontseiluan eta Confebasken etxeko langileentzat EAEko lehen hitzarmen kolektiboa egiteko negoziazio mahaia ireki zedin eskaera aurkeztu zuenetik. «Hitzarmen kolektiboa ukatzea Euskal Herriko bizitzei eusteko hain funtsezkoa eta lehentasunezkoa den sektore hau duintzea ukatzea da», adierazi zuen atzo sindikatuak.

Harrezkero, sail sindikal hau zabaltzen jarraitu du LABek. «Langileak indartsuagoak izateko eta lanean duten prekaritatea agerian uzteko, zeinetara instituzioek behartzen dituen, sektoreko langileak antolatzen jarraitu behar dute», erran zuen.

«Ikusita azaroaren 14ko 1620/2011 Errege Dekretuaren neurriek eta eguneratzeek, familia-etxeko zerbitzuaren lan-harremana arautzen duenak, ez diola sektore honetako hainbat egoera espezifikori erantzunik ematen, hitzarmen propio bat izateak errege dekretu hori eta Langileen Estatutua konbinatu behar izatea ekidingo zuen, etxeko enpleguko lan-zuzenbideko egoera larriei erantzuteko orduan eta, batez ere, etxeko langileen gaueko lana eta barne erregimena bezalako gaietan», gaineratu zuen sindikatuak ohar baten bidez.

Hori dela-eta, sektoreko langileei dei egin zien eurekin mobilizatzera. Iruñean, bihar, 19.30ean, Nafarroako Etxeko eta Zaintzako Langileen Taldeko kideekin (Thycna) eta Nafarroako Etxeko Langileen Elkarteko kideekin, Udaletxe plazan. Eta Bilbon, heldu den asteartean, martxoaren 26an, 12.30ean, Lan Harremanen Kontseiluaren aurrean, Trabajadoras no domesticadas (Etxekotu Gabeko Emakume* Langileak) taldearekin batera.

«Emakume* asko dira, gazteak eta helduak dira, hemengo asko dira, baina askoz gehiago beste lurralde batzuetatik zaintzera etorri direnak, baloratu gabekoak. Ziur daude euren lana garrantzitsua dela, eta, beraz, euren eskubideak ezinbestekoak direla. Batez ere etxeko enpleguko eta barne araubideko emakume langileen kasuan, aldiro beraien eskubideak urratzen zaizkienean», nabarmendu zuen LAB sindikatuak.

Justiziaren atzerapen gehiago ez egotea eskatu zuen eta «hartutako eta erdizka utzitako konpromisoak betetzeko itxaronaldi luze gehiago ez egotea»; Laneko Arriskuak Aplikatzeko Erregelamenduarekin gertatzen den bezala, 2022ko irailaz geroztik garatu gabe dagoena.

EMAKUME* ALIATUAK

Etxeko langileak ez daudela bakarrik adierazi zuten, eta egoeraren kontziente den sindikatu baten parte direla, euren borroka lehentasunezkoa dela ulertzen duena. Eta, haiekin batera, «emakume* aliatuz osatutako mundu bat dagoela» adierazi zuten, euren salaketak beraienak bezala identifikatzen dituena.

Hala erakutsi ahal izan zuten, besteak beste, azaroko Greba Feminista Orokorrean, zaintzako sektore gisa batu zirenean. Bertan berretsi zuten euren eskubideak eskatu behar dituzten bakoitzean etxeetatik eta etxeko eremutik aterako direla.

Etxeko Langileen Nazioarteko Egunean, LABek sektorerako lehen hitzarmen kolektiboa eskatuko du, eta duela bost urte baino gehiago hasitako borroka berretsiko du: etxeko langileen sail sindikala handitzea eta eskubideak betetzeko indar gehiago izatea.