GARA Euskal Herriko egunkaria
ZORROZTARRIA

Burugogorrak gero!


Politika aspergarria? Bai zera, kimera! Gure behean den estatu antzeko ofiziozko politikarientzat sikiera ez du ematen! Horra senatua-kongresua uztarria ukondoka, mokoka, dinbi-danba… batzuek uztarriaren geziak oraindik oroimen. Bada, bai, zirkuak utzia dio munduko ikuskizunik handiena izateari. Eta pandemia balitz legez, karpapeko politika itxurako hori zabaldu egin da enpresa handien goiko karpara. Horra Ibersol eta Repdrola buruz buru, barraskilo eta bare parea, nor baino nor mukitsuago, biak zein biak greenwashing-eko muki transgenikoen merkaturatzaile sutsu. Pikutara doazela! Eta barkatu nazatela pikuek!

Tira, serio harira! Gurean kanpainak bietan jarrai, antxoan eta botoan. Lastima inkestek boto-emaileen ustezko ustea baino ez dutela agertzen, antxoena gura nuke nik ezagutu, talde bakoitzarena dagokion sarean ezagutu ere. Jakina da inkestak sukaldean lantzen direla, sukalde-ostean seguruena, eskularruak eta guzti. Beraz, politika kontua ez da dendaostera mugatzen, orain gutxi Segurtasun sailburuak ozen xuxurlatzen zuen modura, sukalde-ostera ere zabaltzen da! Portzierto, sail horretan den segurtasun arazo handiena barruan dute, kanpora jo barik. Eta hara lehengoan ikasia, Bizkor dutela hor, nonbait, muturreko larrialdietarako unitatea! Demontre, klimaren kontrako delituetara dedikatu bitez, larria larri!

Ama! Itzulia datorrela leitu dut! Hauteskundeak? Bada, ez; ziklismoa. Lerdo halakoa! Hain gara euskaldunok burugogorrak, setatiak beste tematiak, tema denetan gainera! Zelan azaldu bestela Irundik Baionarako 37 km horiek egiteko 2700 km-ko bidearen aldeko apustua egitea? Muga gabeturik, Korrika gainera, gauez zein egunez, hamaika egunetan euskara bide erditik gauzatuz… herri, harro, harri… nori esan eta horri!