GARA Euskal Herriko egunkaria

Megaproiektu berriztagarrien kontrako manifestua sinatu dute 75 lagunek

Haize errotak, Oñatin. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

“Egungo megaproiektu berriztagarrien hedapenaren aurka eta bizitzaren defentsa” sinatu dute Euskal Herriko hainbat sektore eta lurraldetako 75 lagunek. Sustrai Erakuntzak astelehen honetan azaldu zuenez, «manifestu honek kezka adierazi du Europako Batasunetik inposatzen ari zaigun egungo trantsizio agendaren aurrean, Euskal Herriko erakunde, alderdi politiko eta enpresa-korporazioek akritikoki errepikatzen dutena».

«Gure premiei erantzun beharrean, egungo egoerara ekarri gaituzten mekanismo berberetan sakontzen du, praktikan trantsizio berde eta digitalaren diskurtso korporatiboaren pean era guztietako azpiegituren garapen itsura mugatuz», nabarmendu dute sinatzaileek.

Egungo trantsizio energetikoa Euskal Herriko sektore ugaritan -nekazaritzatik sindikatuetaraino, zaintzaren eta natura-ingurumenaren defentsaren esparrutik pasatuta- alarma eta gaitzespena sortzen ari dela adierazi dute.

MANIFESTAZIOA

Kontuak horrela, apirilaren 13an Azpeitian antolatu den manifestaziora deitu dute testua sinatu dutenek. «Manifestu honek premiazko eztabaida piztu nahi du, trantsizio energetiko faltsu hori zalantzan jartzeko eta gure lurraldeko baliabide berriztagarrien integrazio eraginkorra ahalbidetuko digun eraldaketa sozioekonomikoaren premia aldarrikatzeko. Eztabaida horrek, aldi berean, ezinbesteko hiru gairi aurre egin nahi die: krisi klimatikoa geldiaraztea, gure ekoizpenaren benetako deskarbonizazioaren eta desfosilizazioaren bidez; birsortze ekologikoaren alde lan egitea, gure ekonomia biosferan txertatzearekin batera; eta bizitza justuak, berdintasunezkoak eta autonomoak bermatzea gure herriarentzat eta munduko herri guztientzat», azaldu dute.