GARA Euskal Herriko egunkaria
ESKALADA

Taghiako hormatzarretan sasoi bikaina aldarrikatu dute Alcubilla eta Sabaterrek

Bi eskalatzaile katalan hauek “La grande rouge” bidearen (8b, 500 m) lehen errepikapena sinatu dute. Horrez gain, hamabost eguneko bidaian beste hiru bide igo dituzte. “Gure ametsa” marra nafarra (7c+, 500 m) horietako bat izan da.

Xavi Sabater “La grande rouge” bidearen seigarren luzean (7a) sokaburu. (Nil ALCUBILLA)

Batzuetan gertatzen da, protagonisten izena edo ospea handia ez bada, egiten duten jarduera, azpimarratzekoa bada ere, ia oharkabean igarotzen direla. Eta neurri batean uste dugu Nil Alcubilla eta Xavi Sabater katalanei hori gertatu zaiela. Hamabost egun egin dituzte Taghiako hormatzarretan eskalatzen. Hain zuzen ere, Tadrarate izan dute geltoki. Eta pare bat aste horietan sinatu dituzten jarduerak aztertzen baditugu, argi eta garbi ondoriozta dezakegu bikainak izan direla.

Nortasun eta zailtasun handiko lau biderekin itzuli dira etxera. Horietako batek, gainera, ukitu berezia du. “La grande rouge”-ri buruz ari gara. Duela zortzi urte, ikuspegi eder batekin, Fabian Buhl eta Alex Huber alemanek zabaldu zuten eta, ondoren, puntu gorria jarri zioten. Nortasun handia duen ibilbide horren (8b, 500 m) lehen errepikapena egin dute katalanek. Hori da bidaia horren sari nagusia. Baina horma horretan beste hiru bide gogor eskalatzeko aukera ere izan dute : “Widmo original” (8a, 450 m), “Le grand carnaval” (8a+, 450 m) eta “Gure ametsa” (7c+, 500 m). Azken horrek Eneko Cesar eta Unai Mendia nafarren sinadura darama.

Sabaterrek GARAri aurreratu dio lehen aldia zuela haran horretan. Alcubillak, berriz, bosgarren bisita zuen Taghian: «Nilek berak bidaia antolatu eta eskalatu behar genituen bideak planifikatu zituen. Tadraraten eskalatzea proposatu zidan; izan ere, herritik urrunen dauden paretak dira. Jakina, proposamena onartu nuen. Aurreratu behar dut bidaia horretan hotz handia egin digula, eta eguzkiak hormak “epeldu” arte ez genuela eskalatzen. Horrez gain, zorte handia izan dugu, Ahmedek duen aterpean egonaldia egin ahal izan baitugu. Murru horretatik gertu bizi den artzaina da, eta harekin egun horiek partekatzea berezia izan da oso. Elkarrizketa oso atseginak izan ditugu. Bizitza oso lasaia du, eta ustekabean harrapatu gaitu haren izaera ezaxolak. Baina zentzu onean. Hots, den-dena ematen du, ez du ordainik espero eta duen guztia partekatzen du. Hango biztanleek bikain hartu gaituzte; oso abegikorrak dira. Denek irri bat oparitu digute, eta te bat hartzera gonbidatu ere bai, hitz bi egiteko. Bide batez, Ahmed, Mahid, Said eta Mohammed Mesaudiren hospitalitatea eskertu nahi dugu».

“La grande rouge” zuten helburu nagusi, baina aurretik beste bide bat eskalatu zuten. “Le grand carnaval” izan zen lehena. Hango eskaladaren ezaugarrietara egokitzeko erabili zuten. Egun batzuk lehenago ezustea izan zuten; izan ere, Alcubillak sorbaldan min hartu zuen. Egoera lasai hartu zuten. Hasteko eta behin, hormaren oinarrira tresneria eraman zuten. Alcubillaren lesioaren garrantzia ikusteko, lehen hiru luzeak igo zituzten. Biharamunean, ondo zegoela ikusita, bide osoa biribiltzeko aukera izan zuten. Soilik luze bat, giltza dena (8a+), ezin izan zuten librean eskalatu.

Ondoren, “La grande rouge” zain zuten. Bi katalanok nortasun handiko (zailtasun teknikoa ere gogorra da) bide horren lehen errepikapena lortu zuten. Hain zuzen ere, gai horri buruz Sabaterrek adierazi digu Bulhen eta Huberren sorkuntza hori pixka bat oharkabean igaro dela: «Horregatik uste dugu geurea bigarren igoera izan dela. Egundoko garrantzia ematen diogu aleman horiek bide hori zabaldu zuten estiloari. Marra horrek eskaladari ekarpen handia egin dio: duen zailtasun teknikoari baino nortasunari egin behar zaio azpimarra. Zabaldu zuten erarekin lezio ederra eman zuten. Ez zekiten gaitasunik izango ote zuten ukitu gabeko metro horiek gainditzeko. Behetik hasita eta parabolten artean tarte handiak izanik; hots, txapela kentzeko jarduera izugarria. Uste dut eskalatzaile gutxik dutela gaitasun hori. Ibilbidea zabaldu ondoren, gainera, egun bateko jardunean puntu gorria jarri zioten».

MOTIBAZIO ITZELA

Igoeraren prozesuari dagokionez, esan behar dugu Big wall eran lau egun (iragan 5etik 8ra) behar izan zituztela errepikapen hori sinatzeko. Motibazio zein maila bera dute, eta talde lanak arrakasta ekarri zuen. Sabaterrek dioen legez, horrek guztiak eramaten ditu izaera horretako eskaladetan mugara hurbiltzera: «Estrategia hori hainbat igoeratan indarrean jarri dugu. Batzuetan “mini big wall” deitzen diogu; lau egun igarotzen ditugu 200 metroko bide batean helburu zehatz batekin: erronka hori probatu eta ahal bada biok ala biok sokaburu bezala kateatzea. Estilo horrek asko erakartzen gaitu. Horma horietan zintzilik egotea asko gustatzen zaigu. Denboraren presioa alde batera uzten dugu, eta hortik aurrera saiatzen gara arrakasta lortzen. Beti gure mugetatik gertu ibiltzen gara. Eta aukeratzen dugun ibilbidea gure gaitasunen gainetik badago, ez dugu arazorik handik jaisteko. Horregatik diogu “La grande rouge” inoiz egin dugun bide gogorrenetarikoa dela, bai zailtasun teknikoagatik bai buruaren kudeaketagatik. Oso bertikala denez, ez da arriskutsua, baina dardarak ezin dira saihestu».

Sabaterrek aurreratu digu “La grande rouge”-ek dituen zazpigarren mailako luzeak sokada estiloan igo zituztela. Luzeak txandakatu eta sokaburua zein sokaren bigarrena luze guztiak era askean igotzen saiatu ziren. Luze zailenetan, aldiz, sokaburuaren ardura zozkatzea erabaki zuten.

Bidearen giltza, 8b mailakoa, Sabaterri egokitu zitzaion. Ondo hasi zen, baina hirugarren eta azken txapan zalantzak piztu ziren. Bilera zortzi metrora zegoenez, beldurraren mamua heldu zen. Azkenean, atzera egitea erabaki zuen: «Helduleku horiek magnesioaren markarik gabe edo mugimenduak ezagutu gabe gainditzea ezinezkoa zen. Ondoren, Nil puntu horretara heldu eta bitan pentsatu gabe eskalatzen jarraitu zuen eta bilerara iritsi zen. Lau eguneko lan eskerga egin eta gero, Nil eta biok bidearen amaieran geunden. Gurea zen lehen errepikapena, eta onartu behar dut bide hori egiteak asko motibatu gaituela planifikatuta ditugun proiektu berrietan murgiltzeko».

“La grande rouge” bukatu eta bi eguneko atsedena hartzeko prest ziren. Baina oraindik beste bide batzuk eskalatzeko gogoz ziren. “Gure ametsa” izan zen hirugarren bidea: «Enekoren eta Unairen marra hori sinestezina da. Gure zerrendan zegoen, eta bidaiaren bigarren helburua zen. Ilusio berezia genuen ibilbide hori kateatzeko, baina nafar horiek ezagututa, bagenekien egun bateko eskaladan sinatzea lan zaila izango zela. Horregatik, hamaka eraman genuen gau bat egiteko. Lehenbiziko egunean zazpi luze igo genituen. Bidearen giltzan (7c+) Nil sokaburu joan zen. Beste guztietan sokaburuaren ardura txandakatu genuen. Luze hori Nilek bistan egin zuen; ikaragarria izan zen. Luze guztiak era askean igo zituen; sokaburu bezala bistan, eta bigarrenez flash eran. Nire aldetik, 7c+ mailako luze horretan, Nilen azalpenekin, ondo eskalatu nuen. Baina azken zintara iritsi, helduleku bat puskatu eta erori egin nintzen. Nekatuta nengoen eta besaurreak puztuta nituen. Ez nuen gogorik aurrera jarraitzeko, baina Nilek animatu ninduen beste ekinaldi bat egiteko. Eta azken horretan luze gogor hori kateatu nuen».

Nahiz eta etxera itzultzeko hegaldia gainean zuten, azken bide bat probatzea otu zitzaien: “Widmo”. Presaka ibili behar zirenez, ibilbide hori egunean egitea erabaki zuten. Hotz egiten zuenez, laugarren luzera arte mantso joan ziren. Azken hori 8a mailakoa zen. Alcubillak bistan egin zuen; Sabaterrek, berriz, flash eran. Bidearen amaieran dagoen irteera zuzena ere probatu zuten, duela bederatzi urte zabaldu zena. Nahiz eta ia iluntzen ari zen, Sabaterrek saialdi bat egin zuen, baina ezin izan zuen librean sinatu. Rappelatu eta bidaia amaitu zen.