GARA Euskal Herriko egunkaria
BIGARREN MAILA

Bat gutxiagorekin, puntu bat Zornotzara

Bustinza egotzita, sufritu egin behar. (Oskar MATXIN | FOKU)

Irabazi ezin bada, ez galtzea ere ez da gutxi. Atzetik aurrerako lanean zetorren Amorebieta, Bigarren mailako azken bi jardunaldietan garaipena eskuratu ostean. Atzo Alcorcon arerio zuzenaren zelaian puntu bat urratu zuen, eta bada zeozer, azken ordu erdi luzea jokalari bat gutxiagorekin jokatu behar izan zutelako Jandroren gizonek, epaileak Unai Bustinza bi txartel hori atera ostean egotzi baitzuen. Alabaina, banako berdinketa lortu zuten eta, ondorioz, 31 puntu pilatu ditu; Albacetek baino bi gutxiago eta atzoko arerioak berak baino hiru gutxiago soilik ditu “Amorek”. Eta oraindik bederatzi jardunaldi falta dira Fase Erregularra amaitzeko.

Gutxi ez, eta, hasi eta hirugarren minuturako galtzen jarri zen talde bizkaitarra. Jacobo Lopez Alcorcon taldeko jokalariak falta zuzena Magunagoitiaren eskuadran jarri zuen. Aurrez giro freskoa bazen, izoztuta geratu ziren Jandrorenak.

Zorionez, berandu baino lehen berdindu zuten. Iago Lopez etxekoen atzelariak kale nabarmen bat egin zuen, eta huts horren ondorioz, Eneko Jauregik Erik Moranen erdiratzea baliatu zuen buruz gola sartzeko.

Unai Bustinzak hautsi zuen ondoren oreka, epaileak bigarren erdiko ordu laurdena beteta bigarren txartel horia atera zionean. Handik aurrera, eustea egokitu zitzaion talde bizkaitarrari. Etxekoen Artola jokalariak izan zuen neurketako aukerarik garbiena, baina Magunagoitiak behar bezala erantzun zion. Besterik ezean, puntua zakura.