GARA Euskal Herriko egunkaria

«RFK»-ren mehatxua bipartidismoari

AEBetako presidentea hautatzeko kanpainan, ezusteko figura batek arreta handia bereganatu du azken egunotan. Robert Kennedy hautagai independenteak Trump-Biden lehian muturra sartzea lortu du. Zail du irabazteko, baina batari zein besteari kentzen dizkion botoak (demokratei, batez ere) erabakigarriak izan litezke. Nicole Shanahan aurkeztu berri du, presidenteorderako hautagai gisa.

Robert F. Kennedy Jr. AEBetako presidentegaiak bere formula-kide Nicole Shanahan abokatu aberatsa aurkeztu zuen martxoaren 26an Oaklanden (Kalifornia). (Josh EDELSON | AFP)

Primarioen ibilbideak oraindik hainbat geltoki dituen arren, bi alderdietako hautagaiak Joe Biden eta Donald Trump izango direla baieztatuta dago. Gauzak horrela, lehia horretatik aparte egon arren erabateko eragina izan dezaketen bestelako protagonista batzuek hartu dute oihartzun mediatikoa azken egunotan. Horien artean, demokratak gehien kezkatzen dituenetako bat Robert Fitzgerald Kennedy (RFK) Junior-en hautagaitza da. 1968an presidentegai izateko lehian zela hil zuten izen bereko senatari ezagunaren semea, baita Dallasen tiroz hildako presidentearen iloba ere.

«RFK»-k demokraten primarioetan izena eman zuen lehendabizi, baina independente bezala aurkeztea erabaki du azkenean. Azaroko hauteskundeak irabazteko inolako aukerarik ez diote ematen inkestek, baina ez liteke gutxietsi behar: hautesleen ehuneko bederatziren babesa eman dio Bloomberg kateak swing state edo hauteskundeetako estaturik lehiatuenean egindako inkesta batek asteon. 2016an Trumpek eta 2020an Bidenek irabazi zituen hauteskundeak estatu horietan; orain bertan, Trumpen alde daude inkestak barruti horietan, alde txiki samarrarekin. Hau da, Robert Kennedyk erakartzen dituen botoak guztiz erabakigarriak suerta litezke, are gehiago, 2020ko lehia errepikatzea estatubatuar askok gutxien nahi duten hautua izanik.

Figura bitxi eta polemikoa da Kennedy; alde batetik, demokraten arteko sektore aurrerakoi batzuentzat erreferente izan diren adierazpen ekologistak egin izan ditu; era berean, eskuin muturra ere erakartzeko gai izan da pandemian, txertaketaren aurkako kanpainaren bidez.

Asteartean, hauteskundeetarako presidenteorde izango duen hautagaia aurkeztu zuen. Nicole Shanahan kaliforniarra izango du aldamenean. Enpresari asiar-estatubatuarra arrakastaren ispilu da: familia pobre batean laguntza sozialei esker hazi zen, abokatu bihurtu zen, Sergey Brin Google-ren sortzailearekin ezkonduta egon zen eta, egun, Bia-Echo irabazi asmorik gabeko Fundazioko presidentea da; ugalketa-eskubideak, berdintasuna, justizia penalaren erreforma eta ingurumena bezalako gaietan dihardutenei dirulaguntzak ematen dizkie. Eta Kennedyrentzat oso garrantzitsua den elementua ere badakar Shanahanek: oso aberatsa da, kanpaina estatu guztietara hedatzea ahalbidetzen du.

DEMOKRATA OHIA

«40 urte bete gabeko demokrata ohi» bezala aurkeztu zuen Shanahanek bere burua eta, batez ere, ama bezala: «Hasieran, hautagaitza honen alde egiten duten amen taldeetara batu nintzen. Errepublikanoak, demokratak eta independenteak dira. Nire heroiak nortzuk diren galdetzen badidazu, seme-alabei bizitza normal bat egiteko aukera eskaintzen ari diren amak dira, zoratu den mundu batean».

Estatubatuarrek gustuko duten doinua da hori. Douglas MacKinnon aholkulari errepublikanoaren arabera (George Bushen eta Ronald Reaganen diskurtsoen idazlea izan zen Etxe Zurian), Shanahanek hauteskunde-jokoa iraultzea dakar, «eta Bidenek eta Trumpek badakite hori».

Trumpek, bere intereserako, «albiste bikaina» dela esan du. Biak ere «ezker erradikalean» kokatu ditu, «Joe Biden ustelaren aurkari politikoa da, ez nirea. Pozarren nago Kennedy aurkezten delako». Hala ere, iragarri zuen «komunistek» (Bidenen Gobernuak) aurkeztea eragotziko diotela: «Baietz edozein egunetan biak auzipetu, ziur aski ingurumenean iruzur egiteagatik!».

Edozein hautagaik behar duena lortu du Robert Kennedyk, arreta mediatikoa. Bidenek zein Trumpek baino onarpen maila handiagoa dauka, gainera. Kennedy izenak AEBetan eta Alderdi Demokratan daukan pisuaz ohartuta, familiak berehala egin du hautagaiaren aurka. Rory Kennedy «RFK»-ren arrebak CNNn esan du «arriskutsua» dela bere nebaren alde bozkatzea. «Gure bizitzako hauteskunderik garrantzitsuenak dira. Asko dago jokoan, eta zenbait estatutan boto gutxi batzuek erabakiko dute nork irabazi. Eta kezkatuta nago Bobbyk Bidenen aldetik har ditzakeen boto kopuruak Trumpi garaipena emango ote dion», gaineratu du.

Robert Kennedy aspaldi aldendu zen familiaren ildotik. «Bobbyk gure aitaren izen bera dauka agian, baina ez ditu haren balio, ikuspegi edo irizpide berdinak. Iragarpen hau oso tristea da guretzat. Bere hautagaitza salatzen dugu eta gure herrialderako arriskutsua dela uste dugu», adierazi zuen haren arrebak.