GARA Euskal Herriko egunkaria
ELKARRIZKETA
Entrevue
IRENE CAMINOS
Trialeko txirrindularia

«Hainbeste urteren ostean lortu dut nahi nuena; gustura utzi nahi dut»

Denboraldia amaitzean erretiroa hartuko du Irene Caminosek (Tolosa, 1998). «Aurten gozatu egin nahi dut». Tolosako trial eskolarekin jarraituko du, «kirola pixkanaka gehiago hazten joateko». Ez da geldirik egotekoa; triala utzi ostean, beste proiektu bat jarri nahi du martxan: Dakar rallyan parte hartu nahi du emakumezkoen tripulazio batekin.

(Gorka RUBIO | FOKU - Irene CAMINOS)

 

Inauteriak pasatu berri etorri da Irene Caminos NAIZ Irratira, barre artean ajea ondo doala dio, eta «aste luzea bezain polita» igarota, buru-belarri jarri da datorren sasoiari begira. Azkena egingo du tolosarrak: «Orain da unea ondo eta gustura amaitzeko». Bere ibilbidean hiru domina eskuratu ditu: 2016an zilarrezkoa taldeka, 2017an brontzea banaka, eta 2018an urrezkoa taldeka.

Iazko Glasgowko Munduko Txapelketak aho zapore gazia utzi zion, eta bere buruari hauxe galdetu zion: «Hainbeste urte eta gero Munduko Txapelketetan lehiatzen, nola gertatu zaizu hori?». Alor psikologikoak ere eragina du trialean. Emaitzaz harago, -ez du penarik banaka ortzadar maillota jantzi ez izanaz-, Caminosek uste du «egin beharrekoak egin dituela trialean», eta aurten «gozatzea» du xede.

Erretiroa hartzeko erabakia ez da bat-batekoa izan, ezta?

Bai, ez da erabaki erraza izan: hamahiru urte daramatzat trialean lehiatzen. Etapa bat da, noizbait bukatu behar zuena, eta pentsatzen dut orain dela momentua. Aurtengo sasoia egingo dut, eta kito.

Zergatik da orain momentua?

Hamahiru urte daramatzat trialean, ez da erabaki erraza izan. Orain dela pare bat urte hasi nintzen pentsatzen uzteko momentua iristen zihoala, eta orain da momentua, ondo eta gustura utzi nahi dudalako; ez erabat erreta nagoela.

Iaz zer sentipenekin amaitu zenuen denboraldia?

Europako Txapelketarekin gustura amaitu nuen, gutxigatik finaletik kanpo geratu nintzen arren. Munduko Txapelketa, ordea, ez nuen oso gustura amaitu. Iaz Abu Dhabin bosgarren egin nuen, eta hor bai, hor arantza kendu nuen. Egia esan, oso pozik bueltatu nintzen etxera, aurreko urteko Munduko Txapelketa ezin izan bainuen lehiatu. Iaz joan nintzen pentsatzen berriz berdina edo antzekoa egin nahi nuela, baina gauzak ez ziren nahi nuen modura atera. Hala ere, gero Europako Txapelketan arantza kentzea lortu nuen, eta aurten beste Munduko Txapelketa baten bila joango gara.

Orain dela hiru eta lau urteko Munduko Txapelketetan ez zenuen lehiatu. Covidagatik izan zen, ezta?

2019koa izan zen Txinan egin genuen azken Munduko Txapelketa, hurrengo urtean ez ginen lehiatu pandemiaren urtea izan zelako, eta 2021ean Munduko Txapelketa jarri zuten berriro ere Txinan; baina bi egun lehenago Covidean positibo eman nuen, eta ezin izan nuen joan. Horregatik zen hain garrantzitsua 2022ko Abu Dhabiko Munduko Txapelketa: bi urte egon nintzen lehiatu gabe, eta gogotsu nengoen. Gehienbat nire buruarengatik zen; hainbeste urte entrenatzen, Trialean Munduko Txapelketa da zitarik garrantzitsuena... berriz sentsazio on hori eduki nahi nuen.

Glasgowko Munduko Txapelketan gauzak ez zitzaizkizula ondo atera esan duzu.

Gaizki hasi nuen txapelketa, jada finalaurrekoetan bigarren zonan pare bat akats egin nituen, eta buklean sartu nintzen, ezetz, ezetz; gero pare bat kontu fisikoki izan nituen. Baina uste dut eraginik handiena hor izan nuela; bukleari ezin izan nion buelta eman.

 

Psikologiak ere eragiten du.

Bai, orain hotzean pentsatzen dut: «Hainbeste urte eta gero Munduko Txapelketetan lehiatzen, nola gertatu zaizu hori?». Baina egia esan, momentuan, Munduko Txapelketa bat da, dena egun batean jokatzen duzu, presioa handia da, eta gauzak, ateratzen ez direnean, ez dira ateratzen.

Nola ikusten dituzu gainerako aurkariak?

Momentu honetan, urruti. Uste dut oraingo hiru onenak besteengandik koska bat gorago daudela. Beraien maila dezente altuagoa da; beti hor egon behar duzu, beraiek akats bat egiten badute, ondo egin behar duzu zuk aukeraren bat izateko; baina bai, esango nuke pauso bat aurrerago daudela.

Nongoak dira onenak?

Orain esango nuke Espainiako Estatuak duela mailarik altuena, bai gizonezkoetan, munduko txapelduna Toledokoa baita, bai emakumezkoetan, Madrilgo neska bat izan baitzen iazko munduko txapelduna; eta Katalunian ere oso indartsu dabiltza. Bestela, esango nuke frantziarrak eta alemaniarrak ere indartsuak direla.

Aurtengo denboraldiari begira, pentsatzen dut asmo nagusia sentsazio onekin amaitzea izango dela, ezta?

Aurtengo helburua da gustura bukatzea. Hainbeste urteren ondoren, uste dut egin beharrekoa egin dudala, lortu dut nahi nuena, eta triala gustura utzi nahi dut, ez pena horrekin edo gaizki. Disfrutatu egin nahi dut, urte guztia dut, eta helburu garrantzitsuena hori izango da, gozatzea.

Orain arteko emaitzarik onena brontzea da Munduko Txapelketan, banaka. Arantzarik ba al duzu ortzadar elastikoa jantzi ez izanaz?

Beti esan dut nire helbururik handiena ortzadar maillota ekartzea zela, baina egia esan ez naiz pena horrekin geratzen. 2017an brontzezko domina lortu nuen, eta 2018an taldeka Munduko Txapeldunak izatea lortu genuen. Orduan, bide batez, ortzadarraren kamiseta hori etxean dut.

Triala alde batera utzita, Menorcako Epic Cami de Cavalls mendiko bizikletako lasterketa korritu zenuen udan.

Hara iritsi nintzen arte, ez nekien non sartu nintzen [barrez]. Aurreko urteko Munduko Txapelketan Espainiako selekzioko teknikari batekin hitz egin nuen. Berak mendiko bizikletako talde bat du, eta nik esan nion: «Amparo [Chapa], egunen batean mendiko bizikletako lasterketaren bat egin nahi dut, bikoteka edo», eta esan zidan lasai egoteko, zerbait prestatuko zidala. Iaz Menorcari buelta eman genion, hiru egun izan ziren, geratu gabe. Sekulako esperientzia izan zen, gogorra, baina beste kirol edo beste txapelketa bat ezagutzeko aukera izan dut. Asko gustatu zait, eta orain Eivissara goaz Vuelta Eivissa egitera, sufritzera goaz, baina ez dakidanez geldirik egoten eta ezetz esaten plan bati, ba denarekin aurrera.

Bizikletaz gain, Rallyan ere aritu zinen, Dakarra egin zenuen 2021ean.

Nire aitak Afrikako azken hiru Dakarrak egin zituen, eta etxean beti bizi izan dut mundu hori. Oso txikia nintzenean berak korritu egiten zuen, eta ni kotxeetan eta kamioietan sartu izan naiz. Beti esan izan diot: ‘Aita, egunen batean Dakar bat egin behar dugu’. Suhiltzaile izateko oposizioak prestatzen ari naiz, eta kamioia gidatzeko baimena atera orduko esan nion aitari, ez dagoela aitzakiarik, egin behar dugula. Ingurukoak berotu nituen, eta hortxe gabiltza proiektu horrekin. Iaz alde batera utzi genuen Munduko Kopa eta hainbat proba egun berean zirelako, eta ezin izan nuen ezer egin. Aurtengo helburua proiektua berriz martxan jartzea da, eta azkeneko xedea, Dakarra nesken tripulazio batekin egitea. Horretarako lan asko egin behar da, beraz, datorrenerako prest nago.

2021ean parte hartu zenuenean, gidariaren ondoan joan zinen, ezta?

Nik egin nuen Espainiako Txapelketako froga bat, kopilotu gisara. Hortik urte batera egin genuen proba bera, baina pilotu bezala. Biak probatu ditut, eta noski, pilotu aritzea gehiago gustatzen zait.

Esan duzu nesken eskifaia eratu nahi duzula. Noizko aurreikusten duzu egitea?

Epe luzera begirako proiektua da. Kamioian pilotua, kopilotua eta mekanikoak goaz. Eta gero atzetik jende asko behar duzu laguntza ematen dizuna. Baina hori joango gara ikusten pixkanaka.

Eta engainatu al duzu emakumeren bat?

Hitz egiten hasi gara.

Ezin da askorik esan, ezta?

Hortxe uzten dizut [barrez].

Etorkizunari begira, trialari lotuta jarraituko duzu; ez lehiatzen, baina bai eskolan.

Bai, Tolosako trial eskola dut. Lehiatzeari utziko diot, baina umeekin jarraituko dut. Txapelketak egiten segitu nahi dut Tolosan.

Euskal Herrian Ion Areitio eta biok zarete bidea ireki duzuenak.

Bai, ni hasi nintzenean neskarik ez zegoen, ni neska bakarra izan naiz orain dela gutxi arte. Orain pixkana umeak hasi dira, eta egia esan hasieratik Ion izan dut ondoan, lehen urteetatik harekin hasi nintzen bidaiatzen, eta egia esan beti esan dut Ion niretzat niretzat anaia bat dela.

Trialean orain neska gehiago al daude? Zure eskolan, adibidez, zenbat dituzu?

Orain hiru neska ditut 45 umeko taldean. Baina orain dela pare bat urtera arte denak mutilak ziren. Gero, Euskal Herri mailan uste dut hor pare bat urte egon direla gutxiago izanez; ni orain dela hamahiru urte hasi nintzenean, jende gehiago zegoen, ume asko zeuden, baina hori azkenean, dena bezala, gora eta behera doa, eta azken urteetan esango nuke pixkanaka gora doala berriz.

Pandemiatik ere ez dira txapelketa asko egin, hor eten bat egon zen, eta orain pixkanaka ari gara froga gehiago bilatzen. Guk Gipuzkoako Txapelketa Tolosan egingo dugu aurten, eta espero dut pixkanaka kirola gehiago haztea.

Zuk ere ikusgarritasuna eman diozu kirolari, bai hasieratik neskentzat erreferente bat izan zarelako, baita trialeko eskolari jarraipena emango diozulako ere.

Bai, ni ez naiz ikusten erreferente moduan, askotan esan didaten arren. Hala ere, uste dut pixka bat lagundu diodala kirolari, eta laguntzeko asmoarekin jarraitzen dut. Zenbat eta jende gehiago hobe, kirolari hazten lagundu badiezaioket, hortxe egongo naiz, baina pixkanaka egingo dugu handiagoa.