GARA Euskal Herriko egunkaria

Athleticekin Kopa irabaztea, PSGrekin lortutako lau titulu eta Superkopa baten truke

Yuri Berchiche, Lezaman, kazetariekin egindako solasaldian. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Athletici min handia eragin zioten 2021eko apirilean segidan galdutako bi Kopako finalek. Denboraldi latza izan zen hura Yurirentzat. Koronabirusarekin kutsatu ostean, arazo fisikoak izan zituen zelaian, eta lesioek ere ez zioten batere lagundu. Zarauztarrak aitortu izan du garai ilunak izan zirela, eta futbola uztekotan egon zela.

Azken sasoiak ez dira batere errazak izan zarauztarrarentzat, lesio ezberdinak gainditu behar izan ditu-eta. Hala ere, Yuri lehen aukera izan da beti, defentsaren ezker hegalean jokatzeko. Athleticetik igaro diren entrenatzaile guztiek bere alde apustu egin dute, eta aurten ere berdin gertatu da Ernesto Valverderekin. Horrenbestez, 27 norgehiagokatan parte hartu du, eta 2.000 minutu inguru jokatu ditu.

34 urterekin berriro une goxoak bizitzen ari da Athleticekin, eta kontratua berritu du 2025era arte. Klubak azaldu zuenez, baldintza batzuk betez gero, beste denboraldi baterako luzatzeko aukera dauka. 2018ko udan heldu zen Bilbora, eta eskerturik agertu izan da zaleen partetik jasotako babesarekin. Zoriontsua dela aitortu izan du.

Talde zuri-gorriak 20 milioitik gora ordaindu zituen PSGtik ekartzeko. Denboraldi bakar bat egin zuen Parisen, eta lau titulu irabazi zituen: Liga, Kopa, Superkopa eta Ligaren Kopa moduan ezagutzen zen beste txapelketa bat. Athleticekin, berriz, Superkopa bat irabazi zuen 2021ean.

Gorabehera handiko kirol ibilbidea izan du Yurik. Kostatu egin zitzaion egonkortasuna lortzea, Garitanok zuzentzen zuen Eibarrekin Lehen Mailara igotzea lortu arte. Gero Realean ere egon zen, eta Athleticen erretiroa hartu nahi lukeela adierazi izan du. Horren aurretik talde zuri-gorriarekin Kopa bat altxatzearekin amets egiten du. Are gehiago, zin egin zuen bere ibilbidean lortutako titulu guztiak Athleticekin Kopa bat irabazteagatik aldatuko lituzkeela.

De Marcos eta Muniain moduko jokalariek honelako titulu bat altxatzea merezi dutela nabarmendu zuen. Debuta 2009ko udan egin zuten. Bi Superkopa eskuratu dituzten arren, Kopako lau final galdu dituzte.