GARA Euskal Herriko egunkaria

Elkartuk Foru Hobekuntzaz eztabaida soziala eskatu du

Elkartu Foroak Nafarroako Parlamentuari eta Gobernuari eskatu die Nafarroako Foru Hobekuntzaren erreforma aztertzen duen ponentziaren inguruko parte hartze eta eztabaida soziala erraztu ditzala, «proposamenak egin ahal izateko».

Hobekuntzaren erreformarako ponentzia parlamentarioa. (Iñigo URIZ | FOKU)

Nafarroako Foru Hobekuntzaren erreformari buruzko parte hartze eta eztabaida prozesu bat eskatu die Elkartu Foroak Nafarroako Parlamentuari eta Gobernuari, parlamentuan bertan atzo aurkeztutako idatzi baten bidez.

Oharrean azaldu zutenez, «herritarrek parte hartzeko mekanismoak/bideak, informazioa, parte hartzea, eztabaida eta proposamenak» eskatzen dituzte, «Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko 13/1982 Lege Organikoa eguneratzeko Ponentziarekin Nafarroan zabaldu den aukera historiko honen mailan».

Proposamen hori Parlamentuko presidente Unai Hualderi helarazi zioten urtarrilean egindako bilera batean, eta bertan parlamentuko taldeei eskatu zieten «eztabaida sozial lasaia ahalbidetzeko, Nafarroako herriak modu demokratiko eta parte hartzailean ibili, proposatu eta erabaki nahi dituen bide guztiak azaltzeko eta aztertzeko, aukera eta esparru posible guztien mugarik eta betorik gabe».

Gainera, beren eskarian, herritarrei «Nafarroaren etorkizunerako berebiziko garrantzia duen gai honi buruzko proposamenak, ideiak eta iradokizunak helarazteko» aukera ematea galdegiten dute.

Halaber, eskaeren artean dago parte hartze sozialerako bide horiek gauzatu ahal izatea, «txosten honek eta Foru Araubideko Batzordeak beren lanak egiten dituzten bitartean». Eta azaldutako guztia ponentziaren behin betiko lan-planean jaso dadila nahi dute.

«GERTAERA TRAUMATIKORIK GABEKO» NEGOZIAZIOA

Elkartu Foroaren ustez, «herritarrek kudeaketa publikoan parte hartzeak politika publikoen eraikuntza sozialaren prozesua dakar, eta ordezkaritza politikoko mekanismo tradizionalen eskubide, erantzukizun eta osagarri da».

Gaineratu duenez, «Nafarroako Parlamentuak lana behar bezala egiten badu, herritarren iritzi hori jaso behar luke, gure erakundeen eta autogobernuaren mugei jarraiki. Lehen aldia izan liteke azken bi mendeetan Nafarroak Estatuarekin duen harremana negoziatu ahal izango lukeena, ingurunearen bidezko gertakari traumatikorik edo indarkeria testuingururik gabe, aurreko negoziazioetan gertatu zen bezala».

Horrela, 1839ko Nafarroako Foruak aldatzeko Legea, eta 1841eko Lege Itundua «Nafarroaren subiranotasunaren galeran mugarri historiko gisa» aipatzen ditu eskaerak.

Testuak gogora dakar, bestalde, 1982ko Hobekuntza «aipatutako bi legeen eguneratzea, berrogei urteko diktadura frankistaren ondoren onartu zela, oraindik ahula zen demokrazian eta urteak igaro ahala zehazten joan den lurralde-antolaketa autonomiko baten ezarpenaren esparruan».

Azkenik, adierazi dute «balizko erreformari eta gobernu propioari buruzko informazio hitzaldiak, eztabaidak eta dibulgazio materiala sortzen» ari dela Elkartu Foroa.