GARA Euskal Herriko egunkaria
KOPAKO FINALA
Entrevue
ELI IBARRA
Athleticeko jokalari ohia

«Faborito bezala goaz, baina lehiak zelaian irabazi behar dira»

Itxaropena eta ilusioa aipatu ditu ororen gainetik Eli Ibarra (Azkoitia, 1981) Athleticeko jokalari ohiak, apirilaren 6ko Mallorcaren aurkako Kopako finalaren atarian. Familiarekin batera joango da Sevillara, «disfrutatzera». «Espero dugu Kopa altxatzea, baina, egiten ez badute ere, beraiekin egongo gara». Hark jokatutako Kopako finalak ere gogoan izan ditu.

(Luis JAUREGIALTZO | FOKU)

Kopako bi final jokatu ditu Eli Ibarrak elastiko zuri-gorriarekin: «Beti esaten genuen ligak irabazten genituenean, Kopa zela gainditu gabeko erronka, baina ezin izan genuen garaikurra altxatu». Bost superliga irabazi zituen Athleticekin (oraingo ligaren baliokidea); Kopan jokatutako bi finalak, ordea, galdu egin zituen. Hamabost denboraldi talde zuri-gorrian egin ondotik, 2017an erretiroa hartu zuen. Orain Athleticeko Fundazioan da Ibarra, eta emakumezkoen bigarren taldean ordezkari lanak egiten ditu. Finalaz, iraganaz, eta etorkizunaz aritu da, Athleticez, oro har.

Denbora azkar pasatzen da.

Bai, oso azkar. Ematen du orain dela gutxi hartu nuela erretiroa. Baina zazpi urte pasatu dira jada!

Non egongo zara apirilaren 6an?

Sevillan egongo naiz, egun polit hori bizitzen. Espero dugu partida ondo bukatzea.

Klubarekin joango zara ala familiarekin?

Familiarekin joango naiz, disfrutatzera. Badakigu finaletan edozer gauza gerta daitekeela. Beti faborito bat dagoen arren, partida zelaian jokatu behar da, eta espero dugu garaipena gurea izatea.

Nola ikusten duzu taldea?

Oso ondo, asko disfrutatzen ari gara. Baina lehen esan dizudan bezala, final bat da. Mallorcakoak ere segur aski motibazio handiarekin joango dira. Lehia jokatu egin behar da, eta edozer gerta daiteke.

Mallorca ere kontuan hartzeko aurkaria da, are gehiago ikusita Realari gertatu zitzaiona.

Bai, azkenean final honetan dago, eta horretarako neurketa zailak gainditu behar izan ditu. Ez da erraza izango.

Klub barnean zaudela, zer arnasten da Lezama aldean?

Ilusio askorekin gaude, eta gogoa dugu. Uste dut denak dugula buruan faborito bezala goazela, baina partidak, lehen esan dizudan bezala, zelaian irabazi behar dira, eta esperantza horrekin goaz. Badakigu ere momentu oso on batean gaudela. Baina futbola halakoxea da: batzuetan momentu onean egonda, ez zaizu ateratzen nahi duzuna.

Klubak duen sentipena, eta kalekoa, berdina al da?

Ikusten ari gara San Mamesera jende asko joaten dela partidak ikustera. Uste dut giro hori igartzen dela, ilusio horrekin gaude, badakigula laster daukagula zita oso garrantzitsu bat. Korrika egunean ere hori nabaritu nuen kalean; San Mames ondoan korrika egiten ibili ginen, eta uste dut sumatzen dela ilusioa eta jendeak duen gogoa.

Azken 15 urteetan gizonezkoen Athletic bost finaletara iritsi da, eta bostak galdu dituzte. Estatistikak hausteko daude, noski, baina...

Bai, final horiek azkenean Bartzelonaren aurka izan dira. Bartzelona momentu onean zegoen urte haietan, eta beti joaten ginen ilusio askorekin, baina bagenekien zeinen kontra jokatzen genuen. Egia da ere Atletico Madrilen aurkako Europako Ligako final horretara ilusio askorekin joan ginela, ez zelako Bartzelona, baina kale egin genuen. Mallorcaren aurka badakigu ez dela erraza izango, baina egia da desberdin ikusten duzula.

Zuek ere bi finaletara iritsi zineten eta biak galdu zenituzten. 2012an 2-1 galdu zenuten Espanyolen aurka. Oker ez banago Athleticeko jokalari bat baino gehiago kaleratua izan zen.

Bai, bai [barrez], uste dut bi izan zirela. Gainera, horretan Bartzelonan utzi genuen finalerdietan, eta gero ematen zuen Espanyolen aurka aukera handiagoak genituela, baina ezin izan genuen jokatu guk nahi genuen neurketa. Bi jokalari kalera bota zituzten, eta bigarren gelditu ginen.

Eta bi urte geroago, 2014an Bartzelonarena aurka 1-1 berdindu zenuten, eta penaltietan 5-4 galdu.

Bai, hori ere galtzen hasi ginen, baina lortu genuen berdintzea. Urte haietan Barçak talde ona zuen, eta penaltietan edozein taldek eraman zezakeen finala, baina horretan ere pixka bat zorte txarra izan genuen. Penalti batengatik galdu genuen, eta eztia ezpainetan geratu zitzaigun.

Finalak jokatu dituzu, baita galdu ere. Askotan esaten da gehiago ikasten dela galtzean irabaztean baino.

Nik uste dut ezetz [barrez]. Nik irabazi nahi dut. Ikasi, ikasten duzu partida bakoitzean, entrenamendu bakoitzean. Baina azkenean, horra helduta, irabazi nahi duzu.

Sevillako finalari begira, zer esango zenieke Athleticeko jokalariei?

Uste dut zaila izango dela, batez ere lehen minutuetan. Asko disfrutatzeko esango nieke, merezi izango duela egun edo momentu hori bizitzea eta bizi osorako beraien buruan egongo dela. Gu harmailetan egongo gara animatzen, eta gertatzen dena gertatzen dela, guri berdin zaigu, asko disfrutatuko dugu bidaia honetan, final horretara heltzeko. Eta beraiekin egongo garela! Espero dugu Kopa altxatzea, baina egiten ez badute ere, beraiekin egon gara.

Ausartzen zara emaitza bat esaten?

3-1.