GARA Euskal Herriko egunkaria
Entrevue
AXIER ARTEAGA
Pilotari ohia eta coach pertsonala

«Irabaztera eramango gaituen kontrolaren bila gabiltza»

Promozio mailako Buruz Buruko bi txapela eta Binakako batekin, pilotari ibilbidea 2022an amaitu zuen Axier Arteagak (Lasarte-Oria, 1996). Trebatzaile pertsonala eta kirol profesionalen aholkularia da: «Burua fresko edukitzea da arrakastarako gakoa».

(Iñigo URIZ | FOKU)

Ongi pentsatzen erakustea». Horixe da Axier Arteagaren lana. Pilotari ibilbidea duela bi urte bukatuta, coach pertsonala eta kirolari profesionalen aholkularia da Arteaga, eta burua fresko eta osasuntsu mantentzearen garrantziaz hitz egin du NAIZ Irratian.

Onartu du emaitzetan enfokatzen dela gaur egungo gizartea eta, modu batean, hala behar duela. «Garbi dago emaitzek balio dutela eta emaitzak txalotu behar direla. Baina emaitzak lortzeko bidean, zerk egiten dizu zuri ondoen sentiaraztea?», hausnartu du.

Nolatan hasi zinen trebatzaile mundu honetan? Pilotan izandako ibilbideak izan du zerikusirik?

Bai, 2018an hasi nintzen. Garai hartan nire unerik onenak igarotzen nenbilen pilotan, baina ikusten nuen beste urrats bat egin beharra zegoela, ez zela nahikoa dieta eta gorputza zaintzearekin, burua ere landu behar zela. Jarri nintzen harremanetan Joseba Del Carmen coach-arekin, dela Jon Rahm golfistaren coach bat, eta gero aritu nintzen Imanol Ibarrondo, Realeko jokalarien trebatzailearekin.

Kirolaz hitz egiten dugunean, fisikoki entrenatzeaz hitz egiten dugu. Zuk, hori alde batera utzi gabe, buruari ere arreta jartzen diozu. Nabari duzu gaur egun kirolariek zu bezalako figura baten beharra dutela?

Burua fresko edukitzea, arrakastarako gako nagusiena da. Gure buruaren esklabo baldin bagara, eta emaitzak nahi baldin baditugu, konstanteak izan behar dugu, eta konstantzia hori argitasun mental batetik dator.

Islatuta sentitzen zara gaur egungo kirolariengan?

Esperientzia propiotik ikasi dut, eta ez dut esango oro har islatua sentitzen naizela, baina bai ikusten ditut pilotari batzuk, ba, laguntza behar luketenak. Baina zaila da onartzea umiltasun batetik laguntza behar duzula, laguntza eskatzeak lotsa ematen digu.

Pilotari baten egoera psikologikoa izan daiteke jokatzen ari den partidaren isla?

Pertsona bat ondo dagoenean, bere bizitzako aspektu guztietan, askoz errazagoa da bere potentzial guztia ematea. Horretarako, oreka behar da. Kirolarien kasuan, lehiatzen ari direnez, zenbat eta gaitasun azkarragoa izan egoerari buelta emateko eta ongi izateko, orduan gerturatuko zaitu lehenago 22ra iristera.

Analfabeto emozionalak garela esango zenuke?

Pixka bat bai. Pentsamendu batek emozio bat sortzen duela eta emozioen arabera zuk jarrera bat daukazula eta horrek emaitza bat ekarriko dizula bueltan, oinarrizko jakintza hau eskolan irakatsi behar litzateke.

Diozu lorpen batzuei garrantzi gehiegi ematen diegula eta horren arabera eraikitzen dugula gure zoriontasuna.

Bukle negatiboan sartzen gara, guk nahi ditugun emaitza horiek lortzen ez ditugunean. Inoiz ez duzu %100 bermatuko partida irabaztea, eta gainera ez dauka zentzurik. Zuk baldin badakizu %100 irabaziko duzula, zertara zoaz lehiatzera? Gaude denbora guztian irabaztera eramango gaituen kontrolaren bila, eta ez du zentzurik. Ez dago inor beti irabaziko duena. Eta porrotak pilatzen badira, frustrazioa dator, bukle negatibo batean sartzen zara eta porrot pentsamendua agertzen da. Ordea, %100 jartzen baldin badut nik kontrolatu dezakedan horretan, gauzak ahalik ondoen egitean, hor beti izango naiz arrakastatsua. Hori da egin beharreko aldaketa.