GARA Euskal Herriko egunkaria

Gaza


Gaur goizean jakin dut / ingelesezko gauze hitza / (fintasunez ehundutako medikuntza-oihala)/ arabierazko غزة edo Ghazza hitzetik datorrela / gazatarrak mendetan ehule finak izan direlako / orduan pentsatu nuen / geure zaurietatik zenbat / lotuak izan diren / haiei esker / eta beraien zaurietatik zenbat / zabaldu egin diren / gure erruz».

Azaroan idatzi eta gizarte sareen bidez ezagutzera eman zuen Em Berry-k “Because of Us” (Gure erruz) poema, Israelgo armada okupatzailea lurreko inbasioa zabaltzen ari zela, eskola zein ospitaleei zuzenean eraso eginda.

Palestinarren genozidioaren 183. egunean gaude, eta Gazako 36 ospitaleetatik batek ere ez du elektrizitaterik edo baliabiderik, eta medikuak zein erizainak falta dira -haiek ere armada okupatzailearen jomuga dira- Israelek zauritutakoak eta gaixotutakoak artatzeko. Osasun zentro beharrean, hilerri bihurtu dira ospitaleak. Al-Shifan, Gazako ospitale handienean, egun bakarrean 180 hildako ehortzi zituzten. Bi asteko setioaren ostean, porlanezko hezurdura da Al-Shifatik geratzen den gauza bakarra.

Lurraren eguna izan zen martxoaren 30ean Palestinan. 1976tik, urtero lurraldearekiko atxikimendua ospatzen dute palestinarrek, eta lurralde horren beraren lapurreta deitoratu. Palestinarrei kendu eta kendu egin zaie, baina eman, ezta gaza bat ere.