GARA Euskal Herriko egunkaria

Erregu-lurra


Beharrezkoa denean Aita Santuari ere erregu egin behar zaiola ikasi nuen txikia nintzenean, eta Vatikanoko zurizkoari ez, baina erregu dezente egin dut asteburuan, dena Athleticen garaipena ospatzeko. Bazen garaia.

Lerrook leitzen zabiltzaten askotxo ene antzera ibili zaretela egingo nuke apustu, Anderrek erran zidan bezala pozarren, baina ipurdia ederki estututa ibili ondoren!

Erreguarekin akordatu naiz, bestalde, baita erregu-lurrarekin ere, eta liburuetara jo behar izan dut memoria freskatzera. Anegaren erdia zen erregua, anerdia guretzat. Anega, aldiz, aleak kontatzeko ontzi zahar bat zen, edukiera neurtzen zuena, egurrezkoa; 28 litro pasa, hori zen anega erdia, baina anerdia deitzen genuenak, ordea, 24 kilo zituela leitu berri dut, eta horra orain sortu zaidan nahasmena eta zuengana eramaten dudana.

Beraz, erreguarekin gelditzen naiz, errazago baitzait erregu-lurraz mintzatzea. Hau golde baten erdia zen, uztarrian lotutako bi idiren egun erdiko lana, eta golde-lurra 50 anega. Atera kontuak.

Bai, jolasti nabil. Leitu dut 8,98 area direla erregu-lur bat, 898,4560 metro karratu. Azalera ederra. Erregunerria, agidanean.

Azkenean, futbol-zelaikoa kontatzea errazena, hor sinplea baita, irabazi edo galdu, besterik ez dago.

Bueno, batzuetan berdinketa ere bai, erregu eginda desberdindu daitekeena.