GARA Euskal Herriko egunkaria
EDITORIALA

Israelen porrot saihetsezina


Egitera ohituta dauden herrialdeetan, gerra itsasgarri kolektiboa izan ohi da. Historikoki, gerrek batu egiten dute. Baita israeldarrak ere. Baina ez oraingoan. Ustez beren existentziaren aldeko borrokan, Netanyahu lehen ministroa gidari egokia denik ez dute sinesten. Eta lehen ministroa tematu egiten da akatsean: su-potentzia handiagoa erabiltzea aterabidea dela defendatuz, Gaza bezalako lurralde eremu txikian inoiz eta inon erabili ez den su-potentzia jada kontzentratu duen arren. Aldarrikatu nahi duen garaipena iheskorra da. Gazako gerra ez delako borroka militar konbentzionala, erresistentzia palestinarrak irauteko ongi prestatua dagoela erakutsi duelako.

Zer nahi dute, hortaz, israeldarrek? Hitza hartzea eskatzen dute, berriz ere hauteskundeetara deitzea, ongi baitakite Netanyahuren erorikoa ziurra izango litzatekeela. Baina 2019tik 2022ra bost hauteskunde izan dira Israelen; orain seigarrena eskatzen dabiltza. Herrialde aski disfuntzional baten seinalea da hori. Netanyahuren gobernuko koalizioko hainbat kidek gizartea sionismo ultraren itxurara makurtu nahi dute. Netanyahuk berak aski du boterean eustearekin, bai baitaki hori duela bidea epaitegien aurrean ustelkeriagatik azaldu beharrari iskin egiteko. Helburu errealistarik gabe, irabazi ezin den gerra batean tematuta dabil. Garaile plantak egiten.

Saiatu zen Auzitegi Gorenaren arauak aldatzen, kaleko protestei muzin eginez, eskuin muturreko gehiengoaz baliatuz egoera bere mesedetan itxuratzen. Urriaren 7ko Hamasen erasoek kalkulu horiek aldatu eta Israel dilema historiko batean kokatu zuten. Netanyahuk gerrak ahalik eta gehien irautea nahi du, pilatzen ari zaizkion presio eta krisiak gainditzeko. Baina nazioartean Israelen irudia amildegian behera doa; inteligentzia mailan sona handia zuen, baina urriaren 7koak hein handian itxuratan zebilela erakutsi zuen; ekonomia bosten bat erori da; eta judu ortodoxoek zerbitzu militarra ez egiteari Netanyahuk emandako argi berdearen inguruko krisia lehertzear da. Noizbait garaipena lau haizeetara aldarrikatu eta garaile plantak egingo balitu ere, irabazi ezin den gerrak Israelen barne pitzadurak handitu baino ez ditu egingo.