GARA Euskal Herriko egunkaria

Herri galdeketak gogoratu eta beste pauso bat emateko unea, hilaren 13an


2014ko apirilaren 13an galdera honi erantzuteko aukera izan zuten Etxarri Aranatzeko herritarrek: «Nahi duzu Euskal Herri independente bateko herritarra izan?». Larunbatean galdeketa horren antolatzaileak omendu eta hurrengo pausoa emango du Gure Eskuk.

«Iritzi guztien topaleku gisa planteatu genuen galdeketa, eta hala izan zen», oroitu zuen A13 taldeko kide Manu Gomezek, astelehenean prentsaurrekoan. Gure Eskuko eledun Josu Etxaburuk hau gehitu zuen: «Bideko lehen harrietako bat izan zen; ondoren bi urtetan 207 herritan antolatu genituen herri galdeketak».

Denera, 1.061.058 lagunek izan zuten galdeketa horietan botoa emateko aukera eta horietatik 218.248k parte hartu zuten (%20,56k). «Herri mugimendua, elkartasuna eta herritarren ahalduntzea izan genituen oinarri», azaldu zuen Etxaburuk.

AURRERA BEGIRA

Urteurrenean, larunbatarekin, urte haietako lana eta sortutako mugimendua ospatu eta omendu nahi dituzte, galdeketa haien guztien antolatzaileak gonbidatuta. Egun osoko egitaraua antolatu du A13 taldeak Gure Eskurekin batera: kale animazioa, Gure Eskuren batzarra, ekitaldia, bazkari herrikoia, musika....

Ospakizun eguna izateaz gain, Etxaburuk argi utzi zuen aurrera begira jartzeko eguna ere izango dela: «Sinergiak sortzeko garaia da, herrien artean; elkartu eta lanean jartzeko garaia».

Gaineratu zuen burujabetzaranzko prozesuan aurrerapausoak emateko eta subiranotasunaren inguruko auzia agenda politikoaren erdigunean jartzeko unea dela egungoa.