11 AVR. 2024 AZKEN PUNTUA Munduaren amaierarako erlojua Aitziber Pz. KARKAMO Kazetaria Ordu aldaketak eragiten dizkigun gorabeherak mintzagai ditugu beti garai hauetan. Behintzat, gero eta lan gutxiago ematen digu erlojua aldatzeak, gero eta gutxiago baitira sistema analogikoa dutenak. Eta horrela goaz, atsekabetu antzean, ordu aldaketak eragindako nekearen kariaz, eskumuturreko erloju digitalak buru makur egiten ditugun urratsak zenbatzen dituela. Bien bitartean, munduaren amaierarako bidea markatzen duen erloju sinbolikoa apokalipsitik 90 segundora kokatu dute adituek. Bigarren Mundu Gerraren ostean, Chicagoko Unibertsitateko zientzialari atomikoek lurraren biziraupena neurtzeko 24 orduko erlojua asmatu zuten. Orain egun gutxi bere orratzak mugitu dituzte, nazioarte mailako gatazkek eta klimaren krisiak bultzatuta, munduaren amaiera sinbolikoa inoiz baino gertuago kokatuz. Iragan apirilaren 5ean irakurri nuen honen inguruko albistea, NBEk gizateriaren kontzientzia globala bultzatzeko asmoz izendatutako nazioarteko egunean, hain zuzen. Baina norberaren eskuko erlojuak markatzen dituen urratsei kasu gehiegi egiten diegu eta gero eta gutxiago guztion ardura diren orratzek hartu duten norabideari. Agian, nazioarteko egun gehiegi ezarri ditugu, eta gero eta eskasagoa da gure kontzientzia kolektiboa.