12 AVR. 2024 AZKEN PUNTUA Urre likidoa Iker IBARLUZEA Meteorologoa Ez daukagu Indiako Cherrapunji hiriak daukan urteko ur kantitate bera, ezta gutxiagorik ere, non urtean 9.000 mm ur kopuru biltzen den (Euskal Herriko txokorik hezeenetan 2.500-3.000 mm pilatzen dira urte on batean). Baina ez dakit benetan jabetzen ote garen zer nolako zortea dugun hainbeste ur izateaz, penintsulako hainbat lekutan oso gaizki pasatzen ari diren bitartean. Azken egunetan penintsulako zenbait lekutan, eta bereziki mendebaldean, euri asko bota du eta ongi etorria izan da, nahiz eta Mediterraneoan, hau da, premia handiena dagoen lekuan, apenas bota duen ezer. Leku hauetan jada mugak jartzen hasi dira, eta udan larri ibili behar dute, udaberri honetan ez badu euri nahikorik egiten (ez du itxurarik). Baina arazoa soilik ur eskasia al da? Ur eskasia dago penintsulan, horretaz ez dago zalantzarik, baina uraren erabilera ere kaxkarra da. Igerileku pribatu eta golf zelai gehiegi, enpresa elektrikoen jokabide ulergaitzak, eta abar. Gure lurraldean ongi gaude, baina klima hartzen ari den norabidearekin Nafarroa eta Arabako hainbat txokotan gauza bera pasa daiteke epe motzera. Ura egoki eta behar denerako erabiltzen hasiko gara, edo urrearen preziora iristen utziko diogu? Eman bi buelta egoerari.