GARA Euskal Herriko egunkaria

Gure Esku: «Hautetsontziak gure etorkizuna erabakitzeko ere nahi ditugu»

Etxarri Aranazko ekitaldian Josu Etxaburuk iragarri zuenez, bi urteko dinamika martxan jarriko du Gure Eskuk: «Erabakitzeko eskubidearen aldarrikapena gizartean zabaldu eta herri gisako autoafirmazio ariketa kolektibo erraldoia egingo dugu». Lehenengo galdeketen hamargarren urtemugan izan da.

Giro ona izan zen Gure Eskuk Etxarri Aranatzen egin zuen ekitaldian. (Aitor KARASATORRE | FOKU)

«Erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen dugu, bai, eta konpromiso bat hartzen dugu bi urtetako dinamikarekin. Erabakitzeko eskubidearen aldarrikapena gizartean zabaldu eta herri gisako autoafirmazio ariketa kolektibo erraldoia egingo dugu. Herri gisa aurkeztuko gara munduan, Euskal Herritik mundura eta herri libre bat, zazpi lurralde elkarrekin, askotarikoa, kohesionatua irudikatu eta zabalduko dugu». Hala iragarri zuen Josu Etxaburu Gure Eskuko bozeramaileak larunbat honetan Etxarri Aranatzen egindako ekitaldian. Bertan gogoratu zuten 2014ko apirilaren 13an egindako herri galdeketa, «erabakitzeko eskubidearen aldeko olatu txiki bat».

NORABIDEA, ARGI

«Jarraian, beste 207 herrik lekukoa hartu zuten, eta olatu txikia erabakiaren uholde bilakatu genuen. Soilik gure baliabideekin, 208 herritan miloi bat herritarrei bozkatzeko aukera eman zitzaien, eta 218.000tik gora lagunek haien botoa hautetsontzietan sartu zuten», gaineratu zuen. Haren esanetan, «herri galdeketa haiek erakutsi ziguten posible zela, era demokratikoan erabakitzea badela aukera bat, eta hala egin dezakegula herri libre baten bidean».

Zentzu honetan, Etxaburuk argi utzi zuen Gure Eskuk badakiela zein den norabidea, «badakigu nora joan nahi dugun. Hautetsontziak ez ditugu nahi soilik lau urtean behin gure erakundeetako ordezkariak aukeratzeko. Hautestontziak herri gisa gure etorkizuna erabakitzeko ere nahi ditugu».

Era berean, gogoratu zuen Autodeterminazioaren aldeko Caucusaren eskutik aditu talde batek Europako Parlamentuan aurkeztu berri duen araubide proposamenak ohartarazten duela Europako herrien burujabetza «guztiz bateragarria dela Europako Batasunaren zuzenbidearekin».