GARA Euskal Herriko egunkaria

Manifestazioa Azpeitian, «trantsizio energetiko faltsuak» eta «inposatu nahi dizkiguten makroproiektuak» salatzeko


Jendetza bildu zen atzo, Azpeitian, lurraren defentsan Euskal Herria Bizirik Sareak antolatutako manifestazioan. Bertan, «trantsizio energetiko eta ekologikoaren izenean inposatu nahi dizkiguten berriztagarrien zabalpen masiboa, argindarra garraiatzeko autopista elektrikoak, abiadura handiko trena eta bestelako hamaika proiektu» salatu zituzten.

Antolatzaileen aburuz, martxan dauden egitasmoak egingo balira, «gaur egun ezagutzen dugun Euskal Herriko paisaia betirako aldatuko litzateke; nekazal eta abeltzain lur-sail asko galduko genituzke; komunalak ere pribatizatuko lituzkete, jada martxan dagoen desjabetze etengabeko prozesua areagotuz eta horren larria den biodibertsitatearen galeran atzera pausu handiak emanez; finean, hondamendi ekologikoan sakonduz».

Ildo honetan, kritikatu zuten «egin nahi dituzten proiektu hauek instituzio eta enpresen elkarlanaren emaitza» direla. «Europatik hasi, espainiar eta frantziar Estatuetan jarraitu eta Nafarroako nahiz EAEko gobernuetan parte hartzen duten alderdi politiko guztiak itxuraz berdeak diren enpresen mesedetan ari dira lanean, legeak onartuz, finantziazioa erraztuz, herritarron artean propaganda egin eta nahasmena sortuz», baloratu zuten, eta gaineratu zuten «herri batzordeen erabakiak urratzen» ari direla, «autoritarismoari bidea ireki nahian».

Horiek hala, mobilizazioak ezinbestekoak direla aipatu zuten, «instituzio eta enpresarien arteko aliantza honi aurre egiteko». «Gero eta gehiago gara lurraren defentsan ari garen herritarrok, esparru askotatik, baserrian hasi eta akademian bukatu», ziurtatu zuten, eta iragarri zuten «lurraren defentsan aurrera jarraitzeko ardurari» eutsiko diotela.

Ildo honetan, maiatzaren 26an Kolitza mendira egingo duten mendi martxan parte hartzeko deia egin zuten.