GARA Euskal Herriko egunkaria

LABek Maiatzaren Lehen berezia egingo du, «printzipioak berresteko»

50. urteurrena du 2024 honetan LAB sindikatuak eta Maiatzaren Lehenera eramanen du ospakizun hori. Deialdi nazionala egin dute, Iruñean, eta Ipar Euskal Herrian ere izanen da ordezkaritza bat, bertan emandako aurrerapausoak ere nabarmentzeko asmoz. 11.30ean abiatuko da mobilizazioa, eta Anaitasuna kiroldegian egingo da ekitaldi nagusia.

LABek Maiatzaren Leheneko mobilizazioa Iruñean egingo duela jakinarazi zuen atzo. (Iñigo URIZ | FOKU)

«Sustraiak sendo, enborra tinko eta adarrak zabaltzen». Hala iritsiko da LAB sindikatua aurtengo Maiatzaren Lehenera, Imanol Karrera Nafarroako koordinatzailearen esanetan. Atzo Iruñean egin zuten agerraldian, Garbiñe Aranburu, koordinatzaile nagusia, eta 50 bat ordezkari sindikal bildu ziren, aurtengo hitzorduaren berezitasunen berri emateko. Izan ere, sindikatuak 50 urte betetzen ditu aurten eta Maiatzaren Lehena berezia izanen da, ospakizun horren karietara. Zita horretara «osasuntsu» iristen da sindikatua, «50.000 afiliatuko langa gaindituta».

Aurtengoa, beraz, desberdina izango da. «Deialdi nazionala izanen da, hemen, Iruñean, Euskal Herriko hiri buruzagian». Horretarako, egun osoko egitarau berezia antolatu dute Nafarroako hiriburuan, komunitatea elkartzeko. Horiekin batera, nazioarteko gonbidatuak izanen dira. Lehen aldiz, Munduko Federazio Sindikaleko idazkari nagusia LABen Maiatzaren Lehenean izanen da. Harekin batera, Palestina, Vietnam, Sardinia, Korsika, Aosta, Katalunia eta Andaluziako ordezkariak, besteak beste.

Ipar Euskal Herrian ere mobilizatuko dira. «Urte luzez bazterketa sindikala pairatu dugu eta azkenean zentzugabekeria honi amaiera eman diogu. Garaipen bat da Intersindikalean egotea», adierazi zuen Karrerak.

Aranburuk gaineratu zuen data hau «momentu gozo batean» iristen dela sindikatuarentzat. «Hala ere, sindikatuak langile guztien eskubideen defentsarako tresna izan behar du eta, testuinguru ekonomiko eta sozialari begiratuta, ezin esan langileentzako baikortasunerako tarte handirik dagoenik», gehitu zuen.

DUALIZAZIO PROZESU BAT EUSKAL HERRIAN

LABen azterketek Euskal Herrian «dualizazio prozesu bat» gertatzen ari dela adierazten dute. «Biztanleen %50 egoera prekarioan bizi da, zaintza-lan behartu eta ez-ordainduetan dauden emakumeak, langabezian dauden langileak eta 1.400etik behera kobratzen duten langileak». Horrekin batera azpimarratu zuen «azken urteetan zerbitzu publikoetan gertatzen ari den gainbehera», osasungintza eta zaintzak nabarmenduz.

Langileentzako «alternatibak» aldarrikatu zituzten eta «aldaketa politikoak». «Nazioarteari begira, ultraeskuinak eta faxismoak testuinguru hau baliatzen du bere ideien zabalkunderako, mezu populistak erabiliz; krisi ekologikoa ukatzen da, segurtasunaren gaia erabili, migranteen aurka egiteko, edo feminismoaren kontra egiten da».

Aranbururen ustez, «Euskal Herria ez dago jarrera horietatik salbu», baina «antidotoa» badago. «Errezeta hori ezker independentismo sendo bat da, alternatiba gisa indartzen ari dena, bai eremu sozialean, bai eremu politikoan ere». «Hori da bidea, langileak antolatzen jarraitu behar da, borroka soziala antolatzen. Kapitalarekin eremu guztietan lehiatu behar da», azpimarratu zuen koordinatzaile nagusiak.

Horretarako, Euskal Herriak «estatu tresnak» behar dituela nabarmendu zuen. «Burujabetza maila handiagoak behar ditu. Ikusten ari gara ziklo politiko berri bat irekitzen ari dela», adierazi zuen berriro ere Ipar Euskal Herria aipatuz, baita Nafarroan izan diren aldaketak ere, EAEn egitear dauden hauteskundeak ahaztu gabe.

Horrela, Maiatzaren Lehenko ospakizunetara itzuliz, Aranburuk «printzipioak berresteko» hitzordu gisa ezarri zuen. «Langileen antolakuntza eta borrokaren bidetik jarraituko dugu herri honen askapen nazional eta sozialerako bidea urratzen eta irekitzen».