17 AVR. 2024 2040ko Euskal Herria irudikatzeko eleberria: «Lehendakariaren alaba» Kazetaritzan eskarmentu handiko idazlea da Iñaki Petxarroman. Saiakera liburu zenbait idatzi ditu, baina lehen aldiz idatzi du «erabat fikziozkoa» den eleberri bat, «Lehendakariaren alaba», ur eskasiak eragindako 2040ko giro politikoa. Iñaki Petxarromanek nobela berria aurkeztu zuen atzo, «Lehendakariaren alaba». (Gorka RUBIO | FOKU) IRAITZ MATEO DONOSTIA Euskal Herriko politika eta mundu mailako klima larrialdia uztartzen dituen distopia bat hartu du eszenatokitzat Iñaki Petxarromanek “Lehendakariaren alaba” (Elkar) eleberria idazteko. Atzo aurkeztu zuen Donostian, Xabier Mendiguren editorearekin batera, eta thriller itxurako distopia egiteko beharrezkoak diren hiru dohainak bete dituela iragarri zuen editoreak: «Entretenitua izatea, sinesgarria izatea eta gaiek zer pentsatua ematea». Petxarromanek, aldiz, «liburua etorri» zaiola aitortu zuen, bera liburua idaztera jarri gabe. Petxarromanek, lehenik eta behin, argi utzi zuen fikziozko lan bat dela, «asmoa ez da izan etorkizuneko Euskal Herria iragartzea; fikzioa da». Etorkizun hurbila irudikatu du, 2026 eta 2040 bitartekoa. Etorkizunean gerta litekeen istorio bat egin duela kontatu zuen, baina bere egungo kezka eta beldurrei leku eginez, krisi ekologikoa, lurraren etorkizuna eta euskara, esaterako. Bi istorio paralelok osatzen dute eleberria, baina thriller politiko batean piezak amaieran elkartzen diren moduan, kasu honetan ere amaieran elkartuko dira piezak. Istorio batek 2040ko komando baten bizipenak jasotzen ditu, bi emakumek eta bi gizonek osatutako ETA Berri izeneko erakundearen sabotajeak eta bestelako ekintzak kontatzen ditu. Eta bigarren istorioan Malen lehendakariaren testigantzak bilduko dira, Baionan erbesteratuta dagoela. ESZENATOKIAREN ERAIKUNTZA Istorioek berek deskribatzen dutela garaiko mundua esan zuen, baina zenbait zertzelada aurreratu zituen aurkezpenean. «Ezohiko egoera larri bat» hartu du abiapuntutzat idazleak: ur eskasia. «Ur gabeziaren astindu gogorrena Iberiar penintsularen hegoaldean gertatzen bada ere, horren ondorioek Euskal Herrian zuzen eragingo lukete. Liburuak planteatzen duen hipotesia hau da: Espainiak bere ur hornidura eskasari aurre egiteko dagoen tokira joaten dela ur bila, besteak beste Euskal Herrira. Horrek talka politiko eta soziala sortuko luke gurean, eta horrekin batera tenperatura altuek migrazio prozesu bat jarriko lukete martxan eta egoera horren guztiaren ondorioz Euskal Herriko autogobernuak traba egingo lioke Espainiari, eta horrek denak kointzidituko luke Euskal Herria Bildu koalizioak Jaurlaritzaren gidaritza hartuko duen momentu politiko historikoarekin»; hala laburtu zuen 2040rako irudikatu duen Euskal Herria Petxarromanek. Testuinguru horretan «gertaera kate bat» sortzen dela azaldu zuen: «Uraren gerrak hainbat ondorio dakartza: Erakunde autonomoen deuseztapena, alderdien legez kanporatze eta errepresio politikoa; euskara eta euskal kultura ere ataka larrian jarriko ditu, eta gazte batzuek ezohiko egoera gogor horri sabotajeen eta armen bidez erantzutea erabakiko dute». FIKZIOA ETA ERREALITATEA Petxarromanek aurkezpenean aipatu zuen guztiz fikziozkoa den mundu batean «errealitatearen zantzuak» erakutsi nahi izan dituela. Eta, horregatik, zenbait izen ezagun mantendu ditu; Ayuso, Abascal eta Chivite, esaterako. Beste batzuk, ordea, antzekotasunak izan arren ez ditu berdin mantendu. Mendigurenek eman zuen adibide bat, «Muntxo Otaegi dago esaterako, Arnaldo Otegi izan zitekeena». Eta zergatia azaldu zuen idazleak: «Izen batzuk egiazkoak dira, niregandik gertuegi ez ditudalako jarri ditut; gertuago daudenak ez ditut horrela erabili. Aldaketa batzuk egin ditut, izen propio batzuk erabiltzea ez delako detaile hutsala». Mendigurenek liburuaren azken orrialdeetaraino misterioari eusteko gaitasuna nabarmendu zuen. 2040a «ia ukitu daitekeen» garaia dela esan zuen idazleak, baina aldi berean oso azkar aldatzen ari den munduan edozer dela posible. Inoiz idatzi duen liburu ausartena dela onartu zuen, «askatasun literario handienarekin idatzi dudana». URAREN GERRAAzalak laburbiltzen du lehen atala: ura garraiatzen ari ziren kamioiei bonba bat jaurtitzen diete erakunde berri bateko gazteek.