GARA Euskal Herriko egunkaria
ATHLETIC

Txapeldunen Ligarekin amets egiteko, Granada garaitu behar da

Ernesto Valverdek aitortu du ezin dutela «hutsik egin» San Mamesen, batez ere kontuan harturik datorren jardunaldian Atleticori bisita egingo diotela eta sailkapenean lau puntutara daukatela laugarren postuan kokatuta dagoen talde madrildarra.

Sancetek egin zuen Vila-realen kontrako gola azken jardunaldian. (Raul BOGAJO | FOKU)

Txapeldunen Ligan jokatzearen ametsa elikatzen jarraitu nahi badu, Athleticek irabazi beharreko partida jokatuko du San Mamesen. Jaitsiera postuetan dagoen Granada hartuko du ostiral iluntzeko 21.00etatik aurrera. «Huts egiten badugu, oso zaila jarriko zaigu», onartu zuen Ernesto Valverdek atarikoan.

Zuri-gorriak bikain moldatu dira zaleen babespean denboraldi osoan zehar, eta bolada onari jarraipena eman nahi diote. Izan ere, porrot bakar bat jaso dute: Real Madrilen kontra, lehen jardunaldian.

Kopa irabazi ondoren, datorren denboraldian Europan jokatzeko helburua bete du Athleticek. Hala ere, laugarren postua gertu dauka, eta Txapeldunen Ligan jokatzeko sailkatzea da hurrengo erronka. Entrenatzailearen ustez, taldean daukaten poztasuna eta giro ona emaitzak lortzeko baliagarria izan daiteke.

Vila-realen aurka azken unean berdindu ostean, Atletico Madrilek lau puntuko aldea ateratzen dio Athletici. Bestalde, Girona zortzi puntura dago hirugarren postuan. Aurkariei presioa sartzen saiatuko da talde bilbotarra. Atleticok Alavesen zelaian jokatuko baitu igandean, eta Gironak Cadiz hartuko du etxean.

Valverdek jokalari guztiak dauzka zelairatzeko moduan. Yeray erdiko atzelariak ere taldekideekin batera entrenatu du astean zehar. Dena den, tentuz ibili beharko dute zuri-gorriek, txartel horiengatik zigortuak izateko arriskuan baitaude zortzi jokalari. Azken jardunaldiko hamaikakoan sartu ziren Williams anaiak, Yuri eta De Marcos, eta baita Lekue, Raul Garcia, Berenguer eta Dani Garcia ere.

Kontuan izan behar da hurrengo jardunaldian partida erabakigarria jokatuko dutela Atletico Madrilen kontra. Liga amaitzeko geratzen diren zazpi jardunaldietatik lautan etxetik kanpo arituko da Athletic. Metropolitanon jokatu ondoren, zuri-gorriek Getafe, Celta eta Rayori bisita egingo diete. Granadaren ondoren, berriz, Osasuna eta Sevilla dira San Mamesetik pasatuko diren azken taldeak.

PREMIA LARRIAGOA

Aurkariaren premiak zuri-gorrienak baino larriagoak dira. «Ez da batere erraza izango», adierazi zuen Valverdek. Azken jardunaldian Alaves garaitu ostean, maila mantentzeko itxaropen apur bat berreskuratu du Granadak. Hala ere, erronka zaila dauka aurretik, eta helburua lortzeko modu bakarra garaipenak eskuratzea da. Izan ere, hamaika puntuko aldea murriztu beharra daukate ligaren azken txanpan.

Ezinezkoa dirudien arren, geratzen zaizkien aukerak bukatu arte borrokatu beharko dute. Hori nabarmendu zuen atarikoan Jose Ramon Sandoval entrenatzaileak, sasoi honetan Granadaren aulkian esertzen den hirugarren teknikaria denak.

Lehen itzulian zuri-gorriek bana berdindu zuten Granadan. Norgehiagoka bi egun ezberdinetan jokatu behar izan zen talde andaluziarraren zale bat, harmailetan izandako bihotzekoaren ondorioz hil eta gero. Iñaki Williamsen gol bati esker, Athletic 0-1 irabazten ari zen partida bertan behera geratu zenean, eta biharamunean Granadak berdintzea lortu zuen. Galarretak gol bikaina sartu zuen bere atean, baina Valverdek berak umoretsu esan duen bezala, beste aldean egin behar zuen.

HITZ EGITEKO UNEA

Zuri-gorrien entrenatzaileak hitz politak izan ditu agerraldian Raul Garciaren eta Iker Muniainen inguruan. Denboraldi amaieran erretiroa hartzea erabaki duen nafarrari buruz, haren profesionaltasuna goraipatu du. «Ez du inoiz amore ematen», gaineratu zuen. Txantreako kapitaina, berriz, mito zuri-gorri bat dela esan du, eta denboraldi amaieran ikusiko dela berrituko duen edo ez.

Valverdek bere kontratu luzapenaz hitz egiteko unea orain dela adierazi zuen. Pozik eta gustura dago, eta klubeko arduradunek ere antzeko mezuak zabaldu dituzte. Honenbestez, badirudi akordio batera iristea denbora kontua besterik ez dela izango.