GARA Euskal Herriko egunkaria

Pentsiodunen Herri Ekimen Legegileari babesa adierazi dio LABek

«Bizitzaren garestitzea etenik gabe areagotzen ari den une honetan, zerbitzu publikoak indartu eta pentsioak gutxieneko soldatari atxikitzea ezinbestekoa da», adierazi du LABek, pentsiodunen mugimenduak bultzatutako Herri Ekimen Legegileari babesa eskainiz. Gutxieneko pentsioak 1.260 eurokoa izan behar lukeela dio.

LAB sindikatuak ostegunean Bilbon egin zuen mobilizazioa. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Ostegun honetan Euskal Herriko pentsiodunak herri eta hirietako kaleetara atera ziren, 1.080 eurotako gutxieneko pentsioa berma dadin 170 udaletan baino gehiagotan aurkeztutako mozioak eta Legez besteko Proposamena ere plazaratuz. LAB sindikatuak mugimenduaren eskariekin bat egiten du, eta ekimen berri hau babesten duela adierazi zuen atzo ohar baten bidez.

Sindikatuarentzat, «agerikoa» da «eskariak oinarri eta babes zabala dituela». Horren eredu jarri zuen urteak daramatzatela mugimendu sozial eta sindikalek «gutxieneko pentsio osagarrien eta bizi baldintza duinen aldeko borrokan». Jakinarazi zuenez, LABek egindako azken azterketaren arabera, 2023ko abenduan 217.246 pentsiodun ziren Hego Euskal Herrian 1.080 euroz azpiko pentsioa jasotzen zutenak (guztien %33,3). Horien %68,8 emakumeak dira. Modu berean, pobreziaren atalasera heltzeko pentsio osagarria behar dutenak 80.000 dira; lautik hiru, emakumeak.

«Bizitzaren garestitzea etenik gabe areagotzen ari den une honetan, zerbitzu publikoak indartu eta pentsioak gutxieneko soldatari atxikitzea ezinbestekoa da», defendatu zuen sindikatuak. Bide horretan, Europako Eskubide Sozialen Kartaren arabera, gutxieneko soldatak lurraldean ezarritako soldataren batez bestekoaren %60 izan behar duela gogorarazi zuen. LABen azterketaren arabera, 1.400 eurotan kokatu beharko litzateke, beraz, Euskal Herrian. «Hortaz, gutxieneko pentsioak 1.260 eurokoa izan behar luke (gutxieneko soldataren %90). Hauexek dira modu duinean bizitzeko euskal langile eta pentsiodunok behar-beharrezkoak ditugun diru sarrerak», gehitu zuen.

SISTEMA PUBLIKOA BERTAN HOBETU BEHARRA

Zentzu horretan, ostegunean bertan LAB zerbitzu publikoen defentsan mobilizatu zen Bilbon. «Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak egindako eskariak eta Gasteizen iragarritako Legez Besteko Proposamena urgentziazkoak direla deritzogu. Madrildik ezarritako erreforma eta erabakiek ez dizkigute eskaintzen gure errealitatearen araberako babes sistemak, eta ezinbestean sistema publikoa bertan hobetu eta osatu behar da», azpimarratu zuen.

Bide horretan, gutxieneko pentsioa «osagarriz hornitzeko moduak arakatzea» premiazkotzat jotzen du, «DSBE errenta baldintzatuaren eredutik aldendu eta egiturazko neurriak hartzeko ordua da». Horretarako, «aurrekontuetan AHTri esleitutako gastu partidak pentsioetan inbertitzeko erabakia» hartzea eskatu zuen sindikatu abertzaleak.

«Pentsiodunen Mugimenduak mahai gainean jarritako proposamenak egingarriak dira. LABek ere baditu bereak. Pentsio duinak bermatzeko eta gizarteak adineko emakumeekin duen zor patriarkala aitortu eta ordaintzeko, herri eztabaida, konpromisoa eta borondate politikoa exijitzen ditugu», amaitu zuen.