GARA Euskal Herriko egunkaria
ZORROZTARRIA

Ametsak gauzatze bidean


Ondoko belardiko behiak hausnarrean ari dira orain. On egin diezaiela, zertarako jan izan bestela! Bada, bai, gaitz erdi!, pentsatu dut, horiek behintzat ulertu egin dute nik sekula, santa izanda ere, ulertu egin ez dudana: zertara datorren bozketa egunaren bezperako hau. Ez dakit baina, aitor dut, bijiliaren antza hartzen diot bezpera zer honi. Are gehiago, ulertu egingo nuke bozketa egunaren aurreko honetan konstituzioak haragia jatea debekatu izan balu, bai, baina hausnarrera behartu! Total, egiari zor, behi guztiak ez dira orain hausnarrean ari, beti dago ardi beltzen bat behien artean ere. Izan ere, badago behi bat bazkan segitzen duena, gogo biziz gainera, hausnarra gerorako utzita. Eta zera pasatu zait burutik, izango ote zen gizajo hau kanpainan lehendakarigai batek bertatik bertara erosi nahi izan zuena? Kapaz! Ez, orain ez nago behiaz.

Bada, hori, akabo da kanpaina ofiziala! Hasi eta buka! Bertsolari harena buruan, boto-ontzian jartzean probatzen da zelakoa den diskurtso-eltzea. Gaur probatuko. Gauez jakingo dugu aldaketarako bidean zenbat aurreratu dugun, eta orain non gauden. Eta zenbakiak zenbaki, bihar goizean bidea egiten segitu beharko da. Urrutitik gatozelako goaz urrutira. Bihar plazako kartel-hesiak desmuntatuko eta biltokira bilduko. Eta azkenik, postontziek merezi duten lasaia hartuko dute. Ekainera arte!

Atzo gauez bitan izan naiz ametsetan kantari. “Hi, Pello, Pello/ pizgale haiz eta/ hoa Ajuria Enera/ handik ere esku/ zabalean gero/ esku zabalean/ aldaketa bai!”, eta txizatik bueltan, “Gertatuak badu ardura/ leiho berrien aukera/ aldaketak datoz mundura/ eta legebiltzarrera/ Oro jende jatorra/ gaur hauteslekura/ beste gobernantza/ daukagu eskura (bis)”. Ametsak gauzatzen segituko, dortsalik gabeko maratoi honetan.