GARA Euskal Herriko egunkaria

Nazioarteko bitartekarien formula bat jaso zuen ETAk eragindako kaltea onartzeko

Eragindako kalteaz ETAk 2018ko apirilaren 20an plazaratutako adierazpenaren genesian nazioarteko bitartekariek ere hartu zuten parte. Bitartekari horiek proposatutako hitzak jaso zituen ETAk, eta hitz horiek, gainera, Urriaren 18ko Adierazpenean ere agertu ziren.

Argazkian, Henry Dunant Zentroak Genevan duen egoitzan ETAren amaieran egindako ekitaldia, 2018ko maiatzaren 3an. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

ETAren amaiera iristeko zela, eragindako kaltearen gaineko aitortza aipagai zen 2018ko hastapenean. 2005etik gobernuen (Espainiakoa zein Frantziakoa) eta erakunde armatuaren artean zubi lana egiten zuten bitartekarien testu labur bat jaso zuen ETAk. Formulazio bat bideratu zuten, proposamen gisa. Henry Dunant Zentroko (izen ofiziala: Centre for Humanitarian Dialogue) kideak ziren.

ETAk ontzat eman eta 2018ko apirilaren 20an kaleratu zuen adierazpenean sartu zuen. Horrelaxe geratu zen, ETAk berak egindako moldaketen ostean, esaldi hura: «ETAk samin horretan izandako ardura zuzena onartzen du, eta adierazi nahi du halakorik inoiz ez zela gertatu behar edo ez zela denboran hainbeste luzatu behar, gatazka politiko eta historikoak konponbide demokratiko bidezkoa aspaldi behar zuen-eta».

Nazioarteko bitartekariek oso positibotzat jo zuten urratsa, eta hala adierazi zieten aldeei. Egiari zor, ETA, aspalditik, eskatutako urratsak egiteko prest agertzen zen ezkutuko harremanetan, eta zenbaitetan eskatutakoa baino gehiago eta eskatu gabe ere egiten zuen. Izan ere, amaieraren erabakia hartzen ari zen, eta urrats horiek, gobernuak asebetetzeko baino, estrategia aldaketa olioztatzeko eta Euskal Herrian egoera berri bat sortzeko egiten zituen.

Fenomeno bitxi bat gertatu zen orduan. Berriro ere. Bitartekarien begietara hain garrantzitsua zen urratsa gutxiesteko edo bere eragina apaltzeko erreakzioak nagusitu ziren alderdi politiko gehienen ahotan. Nazioarteko adituen harridurarako eta euskal gizartearen sektore zabalen asperdurarako.

«Ez da nahikoa» hitzetik hortzera zerabilten horiek ez zekiten, ordea, ez zirela soilik ETAri erantzun kaskarra ematen ari, erantzun kaskar hori nazioarteko bitartekarientzat ere bazela.

URRIAREN 18KO ADIERAZPENA

Ez dira aste asko Jose Luis Rodriguez Zapatero presidente ohiak bitartekari horiek egindako lana goraipatu zuela, Jordi Evole kazetariak telebistan egindako elkarrizketa batean.

Ordurako, egindako kaltea aitortzeko erabilitako formula haren balioa nabarmendua zuen Rodriguez Zapaterok, ez bereziki ETAk bota zuenean, baina bai Arnaldo Otegik eta Arkaitz Rodriguezek, 2021eko urriaren 18an, Aieten plazaratutako adierazpenean antzeko hitzak erabili zituztenean: «Gure egiten dugu haien mina, eta sentimendu zintzo horretatik baieztatzen dugu hura ez zela inoiz gertatu behar, inork ezin du gogoko ukan hura guztia gertatu izana, ezta denboran hainbeste luzatu izana ere. Aietera lehenago iristea lortu behar genuen».

Are gehiago, Zapaterok Urriaren 18ko Adierazpen osoaren garrantzia nabarmendu zuen; hedabideetan, logikoki, aipatu esaldiak bete bazuen ere titular nagusia. Aieteko Konferentziaren hamargarren urteurrenean, jauregiaren aurrean, Otegik eta Rodriguezek irakurritako adierazpen hark gatazkaren konponbide integrala aldarrikatzen zuen, eta presidente ohiak «adierazpenaren bi orrialdeak irakurtzeko» gonbita egin zuen: «Beren kabuz hitz egiten dute eta, beraz, garrantzi handia dute».

«ARGIBIDE-OHAR» BAT

ETAren adierazpenak nazioarteko adituen iradokizunak jaso zituen, baina berezko edukiak ere bildu behar zituen. Bere historian heldulekuak behar zituen. GARAri iturri fidagarriek esandakoaren arabera, “Argala”-k bere garaian borroka armatuaren alde negatiboaz esandakoak pisu handia hartu zuten urratsa egiteko orduan, gaiari alderdi etikotik heltzeko garaian.

Halaber, eragindako kaltea aitortuta ere, gatazkaren sorburua ere klarki azaldu nahi izan zuen ETAk: «ETA jaio aurretik samina zen nagusi gure herrian, eta ETAk borroka armatua utzi ostean ere oinazeak segitzen du. Gernikako bonbardaketaren ondorengo belaunaldiok bortxa eta arrangura hura heredatu genituen, eta guri dagokigu ondorengo belaunaldiek oso bestelako etorkizun bat jasotzea».

Dela nazioarteko adituen ekarpenagatik, dela euskal gizartean aldaketa espektatiba indartzegatik, dela aukeratutako uneagatik (ETA amaiera erabakitzeko eztabaida prozesuan zegoen eta testuinguru horretan erabaki zuen eragindako kaltearen jendaurreko onarpena egitea), adierazpena ez ezik, adierazpena azaltzeko «argibide-ohar» bat ere zabaldu zuen ETAk apirilaren 20 hartan, adierazpenenaren zergatia esplikatzeko. Bi testu haiek, adierazpena eta argibide-oharra, ETAren amaiera iragartzeko hamahiru egun falta zirela ezagutu ziren Euskal Herrian eta Euskal Herritik kanpo. Adi-adi zeuden kanpokoak.