23 AVR. 2024 JOPUNTUA Futbolkrazia Mikel IBARGUREN Idazlea Jakinekoa da futbola kirol hutsa baino zerbait gehiago dela. Eliteko gizonezkoen futbola bederen. Negozio eta salerosketaren merkatu edo tenplu bihurturik, dirua egiteko (eta ez bide zilegiak erabilita maiz) makina da gaur egun gizonezkoen futbola. Lagunek esaten didate futbola ez dela politikarekin nahastu behar, baina futbola politika egiteko modu bat da. Talde handi eta dirudunen palko eta bulegoetan zenbat erabaki politiko hartuko ote diren jakingo bagenu, beste oilar batek joko liguke kukurrukua. Edo ez. Izan ere, eta ez ditut nire lagun futbolzaleak haserretu nahi, baina ez dut ulertzen aberatsek aberatsentzat antolatzen dituzten baina herritar xumeek oso garesti ordaintzen dituzten futbol partidek sortzen dien erlijio kutsuko pasio edo fede itsu hori, debozio hori. Hil ala biziko trantze hori. Futbolkrazia egungo jendarte kapitalistaren isla dela esango nuke. Bere industria, morbo eta show telebisatuarekin, jendearen emozioak merkantilizatu, eta gure bizitzen erdigunean dago futbola. Audientziak handitu, bazka eman eta muturreko biolentziaren katalizatzaile da askotan, matxismo eta xenofobiarekin batera. Ez dut ulertzen Athletic -edo beste edozein- talde bat baino zerbait gehiago dela diotenean, sentimendu bat dela diotenean, koloreak DNAn txertatuak dituztela eta hori guztia. Munduan bakarrak direla diote, Unique in the world, eta herri oso bat bildu zen, udaletxea aldare bihurtuta, ongietorria emateko heroi zurigorriei. Eskerrak Asier Villalibre han zegoen Bilbon zeudela gogoratzeko eta ez Espainiako ez dakit zein herritan. Errege kopa irabazi zuten zurigorriek, baina euskararen aldeko partida galdu. Korrikan euskararen alde ibili eta gero. Ez nago ez futbolaren kontra, ez eta futbolaren alde ere, baina futbolkraziak gogaitua nauka. Eta, gainera, munduan bakarrak direla dioen euskal talde batek ez badu euskararen ekosistema zaindu nahi −geure arima hiltzen uzteko bezain odolgalduak ote gara?−, barkatu baina ez kontatu nirekin. Ez daitezela sumindu nire lagun futbolzaleak, txartel gorria ateratzen badut. Ez ditut nire lagun futbolzaleak haserretu nahi, baina ez dut ulertzen futbol partidek sortzen dien erlijio kutsuko pasio edo fede itsu hori, debozio hori