GARA Euskal Herriko egunkaria

«Itzalen tektonika» poema bilduma argitaratu du Itxaro Bordak

Hamabi poema bilduma gutxienez baditu argitaratuta Itxaro Bordak. Atzo goizean aurkeztu zuen Susaren eskutik bere lan berria Donostian, «Itzalen tektonika» poema liburua. Azaldu zuen poeta gisa «hemen eta orain» sentitzen duena papereratzeko ahalegina egin duela, idazlearen pentsamenduak eta horien itzalak.

Itxaro Bordak bere lehen berria aurkeztu zuen atzo, Donostian. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Azken zazpi urteetan geltokietan eta hoteletan idatzitako poemekin ondu du Itxaro Bordak “Itzalen tektonika” (Susa) poesia liburua. Plaka tektonikoen eta lurrikaren iruditeria baliatu du egitura zehazteko; hainbat poemetarako inspirazio iturri ere izan da lurrikara batek sor dezakeen sentsazioa, idazleak azaldu duenez.

«Lurrikara bat bezala pentsatu dut liburu hau, lurraren baitako tektoniken mugimendu hori bezala, mundua mundu denetik eta jendea jende denetik ikara batean bizi garelakoan, sekula ez dakigu biharamunean non egonen garen, zer egingo dugun, eta iragana ere berehala desagertzen da gure oinetatik. Liburu honetan agertzen dena da momentu batean, orain eta hemen, sentitzen dudana poeta gisa», horrela zehaztu zuen Bordak bere lan berriaren nondik norakoa aurkezpenean.

Egiturari dagokionez ere, lurrikararen iruditeriari eutsi dio idazleak. Zazpi atal ditu liburuak, erdigunean kokatzen da liburuaren epizentroa, 34 poema biltzen dituen atala, eta liburuaren izenburu bera daukana, “Itzalen tektonika”. Atal hori baino lehen, hiru erreplika daude, eta ondoren, beste hiru. Leire Lopez editoreak irakurtzeko bi modu nagusi daudela azaldu zuen: arrunta, ordenan, edota epizentrotik hasi eta ondoren aurreko zein atzeko errepliketara joanez. Idazleak gehitu zuen «tantaka» ere irakur daitekeela liburua, poema bakoitza autonomoa dela argituz.

Erreplikak zenbakituak daude, epizentroaren aurretik hiru, eta ondoren, beste 3. Lehenengo erreplikan, ahots poetikoaren inguruan hitz egiten du idazleak, bigarrenean gai sozial eta politikoek hartzen dute erdigunea; migrazioak, feminismoak eta ekologismoak besteak beste; eta azkenik, erreplika 3 ataletan, harremanek eta maitasunek dute protagonismoa Lopezen arabera. Bordaren ustez, aldiz, «gorputza, plazera, mina, harremana, ibiltzea…» horiek dira poema bilduma honetan gehien nabaritzen diren elementuak.

HIZKUNTZA ETA GEOGRAFIA

Liburuan askotariko gaiak landu baditu ere, hizkuntzaren eta geografiaren inguruko hainbat hausnarketa plazaratu zituen atzoko aurkezpenean. «Hizkuntzaren inguruko lerro bat bada: nondik idatzi, zein hitz erabili, nola iristen garen idaztera, zer sentitzen dugun idazten amaitutakoan», azaldu zuen Bordak. Aipatu zuen bere lanetan zein egunerokoan sumatzen dela beste hizkuntzen eragina: «Beste hizkuntzek, katalanak edota nire kasuan frantsesak gure hizkuntza aberasten dutela kontsideratzen dut».

Bai poemetan, bai eta idazteko unean ere, lekuek beretzat berebiziko garrantzia hartzen dutela aitortu zuen Bordak. «Natura asko poetizatzen dut, gutxitzen ari diren ‘ekobobo’ horietako bat naiz», gaineratu zuen irri artean. Pirinioak inspirazio iturri zaizkio Baionako poetari, eta auñamenditarren izaera ekarri zuen gogora irria ahoan: «Kaskagogorrak gara, eta beti mugimenduan gara. Inkognita bat dugu mugitzen gabiltzalako, eta arrakala horretan sortzen da poesia».