26 AVR. 2024 KOLABORAZIOA Lanean ere kukua aske Maddalen DORADOR, Irati TOBAR, Ainara LADRON eta Amanda VERRONE LAB sindikatuko kideak Kukua entzuteko garaia omen da, apiriletik aurrera udaberriaren berri ematen digu. Nori ez zaio gustatzen kukua entzutea? Zer esanik ez poltsikoan diruarekin harrapatuz gero! Baina gaur ez dugu txoriari buruz aritu nahi. Beste kuku batzuk entzun nahiko genituzke, aske, errebelde, kalean zein lantokian. Bolleroei buruz ari gara. «Kukua» Oarsoaldean erabiltzen da lesbianen arteko identifikazio gisa. “Bollurria” topaketetan «kukufestak» egin dira, eta HARRObira Oarsoaldeko transmaribibollo bizikleta martxaren leloa «Kuku bira dabil!» izan zen. Bollera izatea askatasunez bizi nahi dugun erabakia da, baita lantokian ere. Bollera izatea heteroarauari ezetz esateko modua delako, aske egiten gaituen erabakia. Munduan egoteko eta sistema iraultzeko modu bat. Baina oraindik orain gutako asko dira jazartu eta zigortuak bollera izateagatik. Lan munduan ere, bere espezifikotasunarekin ematen den jazarpena: armairura bueltaraziz, harreman sexu afektiboak ezkutatuz edota ikusezin bilakatuz; txiste, deskalifikazio edota irainak jasoz, aukera berdintasunean ez sartuz eta abar. Badakigu kapitalismo heteropatriarkalak arautik ateratzen den guztia zigortzen duela erreprodukzio sistemaren berme gisa. Guk ordea, sexualitatea askatasun osoz bizitzeko hautu zilegia baino gehiago dela aldarrikatu nahi dugu. Heteroarauari ezetz esateko modu bat da, emakumeoi* inposatutako leku eta roletatik askatzen gaituen hautua, hain zuzen ere: sexuaren araberako lan banaketa posible egiten duenari, bikote heterosexualean oinarritzen den familia nuklearrari, ezetz esateko modu bat delako. Apirilaren 26a guztion sexu askatasuna aldarrikatzeko eta lesbiana denak bere hautua askatasun osoz bizitzeko eskubidea duela aldarrikatzeko eguna da LABentzat, baina baita bollera izatearen hautuak duen balio eta garrantzi politikoa ikusgarri egitekoa ere. Txoriak bezala, kuku bolleroak entzun nahi ditugu, eta ikusgarri egin. Horretarako konpromiso hauek hartzen ditugu LABen: Lesbiana izateagatik lantokietan zigorrik ez eta diskriminaziorik ere ez. Indarkeria matxistaren kontrako protokolo, neurri eta estrategietan espresuki jaso behar den eta borrokatu behar den errealitatea da, plan eta protokolo eraginkorrak garatuz. Sexu askatasuna lantokietan ziurtatuko duten diskurtso eta politika publiko eraginkorrak. Agenda politiko eta laboralean kokatzea, instituzioak hitzez jasotzen ari diren konpromisoei, diskriminazio honekin bukatzeko beharrezko bitartekoak jartzea luze gabe. Ikusgarritasunerako borrokarekin konpromisoa. Borroka lan munduan zabaltzea, gure ordezkari sindikalen agendetan dagokion lekua edukitzea, borroka honek eskatzen dituen baldintza politiko eta organizatiboak ziurtatzea sindikatuaren egituretatik. Armairutik atera nahi duenarentzat babesa eta diskurtso feministan guzti-guztientzat gure aitortza: Bollera izatea badelako sistema kapitalistari ezetz esateko modu bat! Kukuak altxa, hasi da iraultza! Jaja! Sexualitatea askatasun osoz bizitzeko hautu zilegia baino gehiago dela aldarrikatu nahi dugu. Heteroarauari ezetz esateko modu bat da