GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Altunak hankapean ibili du Zabaleta eta Laso finalerdietarako sailkatu du

Amezketarra nagusi izan zen Zabaletaren aurka, Astelena pilotalekuan jokatutako partidan. Hala, Etxarrengoa aukerarik gabe geratu da, Laso finalerdietarako sailkatu da eta B multzoko beste sailkatua Altuna eta Darioren arteko dematik aterako da.

Altuna eta Zabaleta, elkar agurtzen. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Garaipenak dira sarri sendabelarrik onenak, izan zalea edo kirolaria. Garaipenekin beste aldarte batean sentitzen da norbera eta Jokin Altunak ere ideia hori berretsi zuen, Zabaletaren aurka funtsezko garaipena eskuratu berritan: «Partidek ematen dizute konfiantza; horrelako kolpea hartuta garrantzitsua zen gaur irabaztea». Amezketarrak irabazi egin behar zuen Buruz Burukoan bizirik jarraitzeko eta ez zuen hutsik egin, etxarrendarra hankapean ibilita.

Zabaleta ere punturik batu gabe iristen zen hitzordura, ligaxkako bigarren jardunaldira, eta, beraz, beste porrot bat jasota, aurrera egiteko aukerarik gabe geratu da. Burumakur ikusi zitzaion partida osteko elkarrizketan ere, «balantze positiboa egiten» duen edo ez, zer erantzun ere ez zekiela. Kontua da, berak onartu legez, lehen partidan soilik disfrutatu zuela, final-zortzirenetako kanporaketan, Jakaren aurka. Geroztik, ligaxkan, korrontearen aurka aritu da eta prestatzeko denbora falta aipatu zuen atzo, bai eta piloten ezaugarriak ere. Bere iritziz, «ikusten ari garen materialarekin gero eta zailagoa izango da» atzelarien jarduna Buruz Burukoan.

Horrelako txapelketa batean sakeak berebiziko garrantzia hartzen du eta Zabaleta saiatu zen ahalik eta fruitu gehien ateratzen, zozketak hasierako sakea alde eman baitzion. Egin zituen erreskadan hiru tanto, baina hor geratu zen Etxarrengoaren takada, Altunak 3-1ekoa egin, pilota aldatu (4 zenbakiduna) eta erreskadan beste 12 tanto egin zituenean (3-13).

Eroritako batengatik eta sakean pasa egindako bi pilotakadengatik izan ez balitz, gainera, Zabaletak ez zukeen aurrera egingo markagailuan. Etxarrengoak onartu zuen ez zela partidatik atera eta saiatu zela azken tantora arte barruan zuen guztia ateratzen, baina esan zuen «lehendabiziko tanto horiek kenduta» ez zela «batera gustura ibili».

ARGI ETA BIZKOR

Jokin Altuna, aldiz, argi, tentuz eta abileziaz jardun zen, Zabaleta atzera eta aurrera, eskuin eta ezker mugiaraziz. Ondo landua zuen estrategia eta, esaterako, bere lehen sei tantoetan, sakea funtsezkoa izan zuen, zuzenean tanto egiteko edo errestoan ederki bukatzeko. Atzean sartzen zuen Zabaleta, ondoren aurrean bukatzeko, pilotakada gutxirekin, erremate zitalekin. 3-12ko horma-bikoak, zabaleko lerrotik egindakoak, esaterako, Altunaren zigilua izan zuen.

Ondoren hasi zen Zabaletaren txakalaldia, Altunaren zurrunbiloaren baitan, erantzun nahian ibiltze horrek dakarren ondoezean. Pilota erori egiten zitzaion, eta hainbeste hutsegitek maldan gora jarri diote partida, bai eta bere aldartea ere. Ilusio handiz hasi zuen Buruz Burukoa txapelketako atzelari bakarrak, baina bere itxaropen guztiak segituan itzali dituzte maila handiko aurrelariek.

Txapelketan bizirik jarraitzen duena, bestalde, Jokin Altuna da. Erakustaldi hau eman ostean, iruditzen zaio bi asteko atsedena ongi etorriko zaiola Darioren aurkako dema garrantzitsura puntu-puntuan iristeko. Kale edo balekoa izango da, irabazlea finalerdietarako sailkatuko baita. Astelenan neurtuko dituzte indarrak, Amezketakoaren pilotalekurik kuttunenetakoan, datorren igandean.