GARA Euskal Herriko egunkaria

Patatak, azenarioak eta letxugak dira apirilean gehien garestitu direnak

Facua kontsumoaren arloan lan egiten duen Gobernuz Kanpoko Erakunde espainolak egindako analisiaren arabera, supermerkatu handietan apirilean gehien garestitu diren elikagaiak patatak, azenarioak eta iceberg letxugak izan dira, ordena horretan. Zortzi supermerkatu katetan egin dute azterketa, martxotik apirilerako prezioak alderatuz.

Patatak, azenarioak eta izeberg letxugak dira azken hilabetean gehien garestitu diren elikagaiak. (Andoni CANELLADA | FOKUS)

Patatak, azenarioak eta iceberg letxugak dira BEZaren jaitsierarengatik apirilean supermerkatu handietan gehien garestitu diren elikagaiak, Facua kontsumoaren arloan lan egiten duen erakunde espainolaren analisiaren arabera. Zortzi supermerkatu katetan martxotik apirilera arteko prezioak aztertu dituzte.

Zehazki, bost kilo patatako sareak %9,3ko igoera izan du batez beste. Carrefourren igo da gehien: martxoan 4,95 euro eta apirilean 6,49 euro, hau da, %31,1 gehiago.

Azenario kiloa batez beste %3,1 garestitu da azken hilabetean, eta igoerarik nabarmenena Lidl-ena izan da, %28,2ko igoerarekin, hots, 0,85 eurotik 1,09ra. Iceberg letxugak, berriz, apirilean martxoan baino %2,6 gehiago balio du batez beste. Alcampon izan da igoerarik handiena, %13,3koa izan baita, 1,05 eurotik 1,19 eurora.

Azken hilabetean gora egin du oliba olioaren prezioak ere, %2,2 arte. Martxotik apirilera gehien igo zena Hipecorreko La Española markako oliba litro leuna izan zen: 8,99 eurotik 13,75 eurora igo da, %52,95 gehiago. Martxotik apirilera bitartean garestitu dira, halaber, konferentzia udareak (%1,5), arrautza dozena bat (%1) eta esne osoko brick-a (%0,45).

Batez beste gutxiago balio duten elikagaien artean daude pardina dilista (%0,5), 500 gramoko makarroi paketea (%1,8), fuji sagarrak (%1,9), tipula kiloa (%2,7), limoiak (%2,9), ekilore olioa (%3,6), golden sagarrak (%4,5), laranjak (%5,9), pipitarik gabeko mahats zuria (%7,1) eta 500 gramoko marrubien erretilua (%25,4).

OLIBA OLIOA, IGOERAN BURU

Oliba olioa da azken urtean elikagaien artean igoera handiena izan duena, %69,1eko batez besteko garestitzearekin. 2023ko apiriletik 2024ko apirilera bitartean gehien garestitu den produktua Hipercorreko Koipe Birjina Estra litroa izan zen, 5,75 euroko eskaintzan egotetik 15,89 eurora pasatu baita (%176,3 gehiago). Horrenbestez, igoeraren buru izaten jarraitzen du.

Gaur egun, patata gorriek duela urtebete baino %28,8 gehiago balio dute, eta baratxurien prezioa, berriz, %16,1 garestitu da aldi horretan bertan. Pardina dilistek (%8,4), barrengorri xerratuak (%4,6) eta sagarrek (ia %2) ere gora egin dute.

Ekilore olioa merkatu da gehien azken urtean, %27,8ra arte. Beherapenik handiena Carrefourreko Fontasol ekilore olioaren litroan gertatu da, 2023ko apirileko 3,39 euroko preziotik 2024ko apirileko 1,39 eurokora igaro baita, hau da, %59 gutxiago.

Iceberg letxugak %13,3ko jaitsiera izan du azken 12 hilabeteetan, eta tipulek iazko apirilean baino %10,14 gutxiago balio dute. Era berean, duela urtebete baino gutxiago balio dute lau kilo laranjako sareak (%7,7), dozena bat arrautzak (%2,4) edo marrubi erretiluak eta azenarioek (%1,7).

Bestalde, Facuak gogorarazi du, aurkeztutako salaketen ondoren, joan den otsailaren 21ean Eskubide Sozialen, Kontsumoaren eta 2030 Agendaren Ministerioak errekerimendu bat bidali ziela supermerkatuetako eta hipermerkatuetako kateei, 2023ko urtarriletik oinarrizko elikagai askoren prezioei aplikatu dizkieten igoerek irabazi marjinetan igoerarik ekarri ez dutela egiaztatzeko eskatzen, BEZaren jaitsierak eragindako produktuetan praktika hori debekatuta dagoelako.

Kontsumitzaileen antolakundeak zehaztu duenez, bi hilabete baino gehiago geroago, Kontsumo Ministerio espainolak ez du argitu kateek errekerimenduari erantzun ote dioten, eta gogorarazi du Ministerioak eta gobernu autonomikoek badituztela zigortzeko eskumenak.