GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Artolak bikaintasunerantz emandako pausoak erabat irekita utzi du multzoa

Alegiarra goitik behera nagusitu zitzaion Zabalari Labriten jokatutako partidan. Errioxarrak Joseba Ezkurdiaren garaipena behar du gaur arratsaldean Bilbon, Lasoren aurka jokatu ahal izateko, betiere arbizuarra 22-2 nagusitzen ez baldin bada.

Iñaki Artolak, atzo, hankapean erabili zuen Javi Zabala partidan osoan, Labriten. (Iñigo URIZ | FOKU)

Ez zirudien erraza, baina, jokoan berriro gora egin eta bikaintasunerantz beste pauso bat emanda, Iñaki Artola bere ibilbideko sasoirik onenean helduko da Buruz Buruko finalerdietara, jokoan ezer gutxi zuen partida batean Javi Zabala -azken hilabeteetako modako pilotaria- xehatu eta gero. Datozkion erronkak prestatzeko entrenamendurik onena partida on bat jokatzea zela erabat sinistuta, alegiarrak beste lehia biribil bat jokatu eta erabat irekita utzi du A multzoa.

Zabala (8), Elordi (8) eta Ezkurdiaren (10) artean 26 tanto baino ez dizkiote txintxarriari egin ligaxkan, eta hirurek dituzte oraindik aurrera egiteko aukerak. Atzoko emaitzaren ondoren, Bilbon gaur elkarren aurka arituko diren Elordik eta Ezkurdiak euren esku dute aurrera egitea. Egungo txapeldunak irabaztearekin nahikoa duen bitartean, arbizuarrak gehienez bi tantotan utzi beharko luke aurkaria, Lasoren aurka aritu ahal izateko. Zabalak, bere aldetik, Ezkurdiaren garaipena behar du, betiere bizkaitarrak hiru tanto edo gehiago egiten baditu.

Artola, aldiz, hurrengo astean Altunak eta Dariok elkarren aurka jokatuko duten partida lasai ederrean ikusteko moduan da, lortu duen joko maila eta, batez ere, jarraitutasunarekin, inor baino gutxiago ez dela sinisteko argudio sendoak batuta.

Partida Zabalarentzat askoz erabakigarriagoa zen arren, bazen ikusminik azkenaldian hobekuntzarik handiena izan duten bi aurrelarien arteko lehia ikusteko. Baina parekotasunak dozena erdi tanto baino ez zituen iraun. Azken hilabeteetan pilotakada ikusgarriekin pilotazaleak -eta bere enpresako arduradunak- liluratuta lortu zuen Javi Zabalak txapelketa honetan parte hartzeko aukera, baina atzo, gutxienez, berak bezainbeste jo eta bere ibilbideko unerik gozoenean dagoen Iñaki Artola batekin topo egin zuen eta gabeziak aireratu zizkion pilotari zailduagoak.

Ia hamar urtetan zehar Baikokoak atzokoak bezalako erakustaldiak emanda zituen, baina azken hilabeteetan garatutako jarraitutasuna berria da Artolarengan, eta honek eman dion konfiantzarekin txapelerako kontuan hartu beharreko pilotari bat izatea irabazi du kantxan.

SAKETIK HAUTSI

Lehen tantoek -aurrenekoan 20 pilotakada jotzera heldu ziren 200dik behera geratu den partida batean- ikustekorik ezer gutxi izan zuten gainontzekoekin. Botera ohikoa den baino gehiago jokatuz, bi aurrelariek lehia polita izan zuten, Baikokoak eskuinez eta errioxarrak ezkerrez aurkaria frontisetik urrun mantendu nahian. Orekak, ordea, apenas iraun zuen dozena erdi bat tanto, Artola goitik behera nagusitu baitzen hortik aurrera.

Sakea izan zen bien arteko lehen alde nabarmena ireki zuen faktorea; Artolak etekina atera zion bitartean, errioxarrak min gutxi egin baitzion alegiarrari gaur egungo buruz burukoan funtsezkoa bilakatu den jokaldiarekin. Artolaren garaipena, ordea, ez zen lehen pilotakadarekin gehiago asmatzera mugatu, jokoko gainontzeko alor guztietan ere goitik behera nagusitu baitzen.

Bi eskuez fresko ikusi genuen gipuzkoarra, eskuinaz pilota asko baztertuz gainera eta pilotakada bakoitza zentzuz joz, aurkaria alderik alde mugiaraziz. Piloteoan nagusitzeko ere ez zion ia aukerarik eman Logroñokoari, ez zuen hanka sartzerik egin, eta denbora osoan defentsan aritu beharrarekin deseroso aritu zen Aspeko aurrelari gaztea.

Goiko sabaira ihes egin zion sotamano batek besterik ez zuen eten Artolak partida hautsi zuen 12-0eko partziala (15-4), eta hortik urrera ere nekez lortu zuen errioxarrak sakearen jabe zela tantorik egitea. Buruz burukoan sarri gertatzen den bezala, bataren eta bestearen arteko aldeak benetan direnak baino handiagoak izan ziren Labriten, eta Ezkurdiaren opari baten zain geratzea baino ez zaio geratu Zabalari.