10 MAI 2024 AZKEN PUNTUA Radarrak eta zirimiria Iker IBARLUZEA Meteorologoa Modan daude gaur egun mugikorretako aplikazioak, non euria ote datorren edo euria ari ote duen esaten diguten. Hau dena posible egiten dutenak radar meteorologikoak dira. Baina radar hauek badute akats bat, oraindik konpontzea lortu ez dutena. Akats hori da euri langarra edo zirimiria ez dutela antzematen. Radar meteorologikoek uhin berezi batzuk botatzen dituzte atmosferara. Uhin hauek euri tantekin talka egiten dutenean, bueltan radarrera itzultzen dira, non radarrak atzematen dituen eta atzeman duen hori mapetan islatzen den. Talka egin duen euri edo izotz tanta hori zenbat eta handiagoa izan, bueltan iristen den uhinaren indarra orduan eta handiagoa da, mapetan kolore biziagoz azalduko dena. Esaterako, ekaitzak ematen direnean kolore gorri edo morez agertzen dira. Horrek esan nahi du, ekaitz horrek dituen euri edo txingor tantak oso handiak direla. Baina, uhinok oso euri tanta txikiekin topo egiten dutenean, euri tanta horiek ez dute gaitasunik uhin hori bueltan radarrera bueltatzeko eta orduan radarrak ez du seinalerik jasotzen eta mapan ez da euri langar edo zirimiri horren arrastorik islatzen. Arazo hori konponduko delakoan nago, eta radarrak botatzen dituen uhinak berezi edo hobeagoak izango direla euri tanta mikroskopiko horiek atzemateko.