GARA Euskal Herriko egunkaria
TXIRRINDULARITZA

Itzuliko Elgoibarko helmuga- marrak pedagogia egiteko balio dezala

Ikastolako ikasleak klasetik atera ziren etapa ikusteko. Totorika irakaslearen iritziz, kirolean andreen presentzia sustatzeko «esfortzua» egin behar da.

Mischa Bredewol, Elgoibarko helmugan, garaipena eskuratu berritan. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Itzuliko Elgoibarko lehen etapako helmuga-marrara iristen lehendabizikoak 12-14 urte bitarteko gaztetxoak izan ziren. Elgoibarko Ikastolako ikasleak «oso pozik» zeuden klasetik atera zirelako. Urduri zeuden hesien atzean; zarata egiten ari ziren hesia eskuekin joz, txirrindulariak noiz etorriko zain. Pantaila bat zuten helmuga-marraren gainean, lasterketa zuzenean ikusteko. Txirrindularirik, baina, ez dute ezagutzen: ez euskaldunak, Ane Santesteban kasurako, ezta Laboral Kutxako bakar bat ere; are gutxiago, Demi Vollering, tropeleko indartsuena.

Maider Totorika Elgoibarko Ikastolako irakaslea mintzatu zen NAIZ Irratiarekin, Itzuliko zuzeneko emankizun berezian. Ikastolan jai eman zieten ikasleei, lehen etapa ikusteko, noski, gurasoen baimenarekin. Totorikaren hitzetan, «kontuan izanda emakumeen Itzulia dela, kirolean andreen presentzia sustatzeko esfortzua egin behar da». Bere iritziz, «gauza polita» izateaz gain, garrantzitsua da «emakumeen presentziak kirolean indar gehiago har dezan».

Funtsezkoa da pedagogia. Itzuliko lehen etapan Elgoibarko Ikastolako ikasleek egin zuten “txangoak” horretarako balio dezala. Atzo, behintzat, jakin zuten nor den Ane Santesteban. Gizonezkoetan nekez irudika dezakegu egoera hori. Nork ez ditu ezagutzen Mikel Landa, Pello Bilbao eta Izagirre anaiak?

«LASTERKETA GEHIAGO»

Bredewold lehen etapako irabazlea podiumean zegoela, hortxe zegoen jendartean Alaitz Biritxinaga Itzuliko zuzendaria. Itzulia Women lasterketa aurrenekoz egin zutenetik, bera da zuzendaria. Aurrez, urte luzez aritu da txirrindularitzan epaile. Gogoeta bat egin zuen, galdetutakoan ea zer egin behar den gazteenek erreferenteak izan ditzaten: «Lasterketa gehiago». Haren ustetan, arazoa da nesken lasterketak «maila baxuagokoak» direla. «Ni hasi nintzenetik, 28 urte daramatzate. Asko aurreratu dugu, baina asko-asko kostatzen da. Berdintasuna behar dugu».