19 MAI 2024 Entrevue Edoardo Mollona INCA proiektuaren koordinatzailea «Prentsa artikuluen %5ek soilik du plataforma handien ikuspegi baikorra» Plataforma teknologiko handiek (GAFAM deitutakoak: Google, Amazon, Facebook, Apple eta Microsoft) duten botere ekonomiko izugarriak zein ondorio politiko eta kultural dituen ikertzen ari dira nazioarteko 11 eragile -tartean Elhuyar- INCA proiektuan, arautzea, alternatibak bilatzea eta ahalduntzea xede. Edoardo Mollona da koordinatzailea. (Jagoba MANTEROLA | FOKU) Maider IANTZI DONOSTIA Europako hedabideak larrituta daude plataforma digital handien eraginarekin. GAFAM (Google, Amazon, Facebook, Apple eta Microsoft) plataformen sentimendu negatiboa ematen du prentsa artikuluen %40k. Testuen %5ek bakarrik du ikuspegi positiboa. Horiexek dira INCA (Increase corporate political responsibility and accountability) proiektuaren lehenbiziko emaitzak, asteon Donostian aurkeztu dituztenak. Europar Batzordearen egitasmo bat da “Horizon”. Hagitz lehiakorra da eta nazioarteko hainbat erakundek parte hartzen dute. 11 bazkide dira, eta tartean da Elhuyar ere. 2022an hasi ziren martxan, eta 2026an amaitzea espero dute. Urtero bilera bat egiten dute: lehena Bolonian izan zen, bigarrena Polonian, eta aurten Euskal Herriaren txanda da, Elhuyar anfitrioi dela. Helburua plataforma teknologiko handiek duten botere ekonomiko izugarriak politikan eta kulturan zer ondorio dituzten aztertzea da, arautzeko, alternatibak bilatzeko, eta baita kontzientziatzeko eta ahalduntzeko ere. INCAren koordinatzailea Edoardo Mollona da, Boloniako Unibertsitateko Ingeniaritza eta Informatika Zientzietako irakaslea eta ikertzailea. Donostian izan da proiektuko bederatzi herrialdetako 30 ikertzailerekin batera, bi eguneko topaketan, eta bilkura eta bilkura artean GARArekin mintzatzeko tartea hartu du. Kontatu zein izan diren lortu dituzuen lehen emaitzak. Azterketa handi bat egin dugu: Europako 17 herrialdetako 100.000 prentsa artikulu behatu ditugu 15 urtez, 2007tik 2022ra. Plataforma teknologiko handi horiei buruz mintzo diren artikulu guztiak ikertu ditugu, zein sentimendu adierazten duten ikusteko. Hedabide tradizionalak aztertu ditugu: egunkariak, aldizkariak, telebista, irratia... sare sozialak ez. Larrituta, kezkatuta, arduratuta daudela ohartu gara. Badira ñabardurak? Bai. Facebook da kritika negatibo gehien dituena eta Google eta Microsoft ez daude hain gaizki ikusiak. Herrialdeen arabera ere badira aldeak: albiste negatibo gehien Bulgarian ematen dira eta plataforma horiekin eskuzabalena Estonia da. Tartean daude beste herrialde guztiak. Aztertu dugun denboran ikuspegia ez da gehiegi aldatu. Badira gorabehera txiki batzuk, adibidez Covidaren pandemian pixka bat hobetu zen plataforma horiekiko ikuspuntua, erabilgarriak izan zirelako komunikatzeko. Zer kritikatzen da zehazki? Hedabideei ez zaie gustatzen diskriminazioa eta diskurtsoetako biolentzia, ezta albiste faltsuak (fake news) eta gardentasun falta ere. Sarri plataforma handi hauek albisteen protagonista izaten dira pribatutasuna urratzeagatik. Intrusismoak kezkatzen ditu, bereziki umeekin lotuta. Adibidez, zergatik iradokitzen digute zerbait erostea? Monopolio jarrera eta lobby politikoa egitea ere salatzen dute artikuluetan. Eta azkenik, zerga-ihesa, dituzten diru-sarrera ikaragarriak ez deklaratzea. Hain zuzen ere, Europan jarduten dutenean, ahalik eta zerga gutxien ordaintzeko aukeratzen dute bertako herrialde jakin batzuetan kokatzea, eta bertako biztanleak «bezero» bihurtzen dituzte. Europako Batzordea kezkatua dago, eta aztertzeko, arautzeko eta alternatibak bilatzeko beharra ikusten du. Hauteskunde kanpainetan ere eragiten dute? Ezin dugu hori esan. Baina lobby lanetan diru gehien inbertitzen duten enpresak dira. Merkatu digitaleko legeetan ari dira lobby lana egiten, eta zerbitzu digitaletan ere bai, sare sozialen erregulazioan. Hau guztia ikusita, etsipenean erortzeko arriskua sortzen da. Alternatibak lantzen ari zarete? Bai, bi arlotan. Alde batetik, plataforma alternatiboak aztertzen ari gara, adibidez, Amazonen antzeko zerbitzua ematen duten zein beste plataforma dauden begiratzen, badaudelako alternatibak, agian maila lokalagoan. Bestetik, ez GAFAM plataformentzat bakarrik, oro har lobby lanen erregulazio baten bila gabiltza. Herritarrak kontzientziatzea eta ahalduntzea ere garrantzitsua da, ezta? Erabat. Modu ezberdinetan ari gara informazioa ematen. Halako elkarrizketak egiteaz gain, modulu didaktikoak eman ditugu Italiako eskola batean, eta aurrerantzean edozein ikastetxetan erabiltzeko moduan egongo da. Gainera, Bolonian, Bartzelonan eta Bukaresten herritarrekin alternatibak esperimentatzeko toki batzuk ireki ditugu. Dokumental bat eta arte erakusketa bat ere prestatzen ari gara. Bi helburu ditugu: Europar Batzordea bera, ofiziala litzatekeena, eta herritarrak. INCA proiektuak botere modu berriak ikertzeko balio du. ALTERNATIBAK«Plataforma alternatiboak aztertzen ari gara, adibidez, Amazonen antzeko zerbitzua ematen dutenak. Bestetik, oro har lobby lanen erregulazio baten bila gabiltza»