GARA Euskal Herriko egunkaria

Batuz sistemak jaietan eragingo lituzkeen eragozpenak salatu dituzte


Bizkaiko jai batzordeek indarrak batu dituzte, bertan Batuz sistema ezartzeak jai herrikoietan eragingo lituzkeen eragozpenak salatzeko. Gipuzkoako Ticketbai sistemaren parekoa da.

Ostegunean Bilbon egindako agerraldian Nerea Zuloagak (Auzotarrok) eta Iñigo Iglesiasek (Bilboko Konpartsak) gogorarazi zuten Euskal Herriko edozein txokotan ohikoak diren jai herrikoien atzean «jaiak adin eta gustu guztietako auzokideentzat programatzen ahalegina egiten duten kolektibo ugari» daudela.

«Bizkaiko txosnek aukera ematen dute herriak eta herriarentzat sortutako jai parte-hartzaile eta herrikoien eredu hori modu autogestionatuan garatzeko, baita erakunde politiko eta ekonomikoen menpe ez egoteko independentzia ekonomikoa izateko ere», azaldu zuten.

Horregatik, Bizkaian Batuz sistema ezartzeak eragingo lituzkeen eragozpenez ohartarazi dute. Nabarmendu zutenez, horren eragin kaltegarriena jai batzorde txikienek sufrituko lukete, «auzokide boluntarioek esfortzu handiz aurrera ateratzen duten jaietako programazioa arriskuan jarriz».

Horren aurrean, Bizkaiko Foru Aldundiari eta Lakuako Gobernuari erraztasunak eskatu dizkiete.