28 MAI 2024 AZKEN PUNTUA «Trigger warning» Yasmine KHRIS Itzultzailea Klik. Sugarrak fondoan eta lehenbiziko planoan gorpu ezagutezin bat, guztiz erreta, ikaztuta, soka batetik zintzilik. Klik. Sirenak eta etsipen adiak nagusi, kotxeak zirtaka dira herdoilduriko kaosean. Klik. Gizon batek bere semearen gorpua kamerari erakusten dio, bururik gabe. Klik. Sei maindire zuri, baina gorrituta zeharo. 5 urte baino besterik ez dituzten haurrak, begiak itxita. Klik. Azken honetan, argazkia goitik hartu dute. 35 gorpu inguru izaretan, jendetzaz inguratuta. Igande gauean, Rafah bonbardatu zuten Israelgo gobernuak eta armadak, Hamaseko bi buru harrapatzeko asmotan, euren esanetan. 40 zibil baino gehiago hil dira, orain arte izan den bonbardaketarik latzenean. Zutabe honek akaso gosaltzen edo hamaiketakoan harrapatuko zaitu. Eta deskribapenak agian garratzegiak dira. Ez dut lehenago abisatu, barkatu irakurle, baina kasu honetan oharrik gabe izatea nahi nuen. Sare sozialetan, «trigger warning» anglizismoa deitzen diote: irakurri edo ikusi aurreko edukiaren oharra da, pertsonari aurki dezakeen eduki gogorraren berri emateko eta emozio inpakturen bat eragin dezakeela jakinarazteko. Hemen, ordea, begi guziek so egon behar dute, filtrorik gabe.