GARA Euskal Herriko egunkaria
[ JOSE LUIS MENDILIBAR ]

Eskola zaharreko aztiak Europan arrakasta izateko edabea asmatu al du?

(Angelos Tzortzinis | AFP)

 

Azkenaldian, Euskal Herriko entrenatzaileak zeresana ematen ari dira nazioartean. Ingalaterran, esaterako, denboraldiko entrenatzaile onenen zerrendan hiru euskaldun egon dira: Unai Emery, Mikel Arteta eta Andoni Iraola. Datorren denboraldian Julen Lopetegi batuko zaie. Alemanian, berriz, Xabi Alonsok Bundesliga eta Kopa irabazi ditu Bayer Leverkusenekin. Sekulako lorpena izan da, nahiz eta Europa Ligako finala galdu.

Jose Luis Mendilibarrek ere bere tokia egin du zaratarik atera gabe. Hain zuzen ere, Europako titulu bat irabazteko aukera izango baitu bigarren urtez jarraian. Iaz Sevillarekin egindakoa errepikatu du Olympiakosekin: noraezean zihoan talde bat hartu eta Konferentzia Ligako finalera sailkatu du.

Zaldibarren sortutako teknikariak 63 urte ditu. Eskola zaharreko entrenatzailea da. Ziur asko berak ere ez zuen espero azken bi denboraldietan bizitzea egokitu zaiona. Hogei urte baino gehiago daramatza Lehen eta Bigarren Mailako futbol taldeak zuzentzen (Eibar, Athletic, Osasuna, Alaves, Valladolid eta Levante), baina erretiroa hurbil ikusten zuenean heldu zaio tituluak irabazteko unea. Zeinek esango zion, pandemia garaian, Eibarrekin Bigarren Mailara jaitsi eta talde armagina utzi zuenean?, edo, 2022an, hamabi partiduren ondoren Alavesetik kaleratu zutenean?

Horren adierazgarri, joan den denboraldian Sevillarekin irabazitako Europa Liga. Iparra galduta zuen talde baten norabidea zuzentzea lortu zuen, umiltasun eta naturaltasunaren bidez gogor lan eginda. Horrelakoa izan da beti Mendilibar: argi hitz egin duena eta zintzoa. Zaleen artean jasotako onespena ikusita, talde andaluziarraren agintariek berritzea proposatu zioten. Hala ere, denboraldi hasieran azkar bota zuten.

SEN ONEKOA ETA HURBILEKOA

Atzeko atetik atera zen arren, segituan jaso zuen berriro entrenatzen hasteko deia, Greziatik. Olympiakos noraezean zihoan, denboraldi erdian bi entrenatzaile -Diego Martinez eta Carlos Carvalhal- kanporatu ondoren, eta Mendilibarrengana jo zuten otsailean.

Hiru hilabete nahikoa izan ditu egoera irauli eta Europan bidea egiteko. Sevillan bezala, sen ona izan da arrakasta lortzeko edabea. Inolako su artifizialik edo sistema berririk asmatu gabe, futbolari bakoitza bere postuan jokatzen jarri du eta edozeini aurre egin diezaioketela sinestarazi die. Zaldibarko aztia motibatzaile aparta da, jokalariengana hurbiltzen daki eta ez ditu zoratzen. Mendilibarren joko eredua aski ezaguna da, euskal futbolaren erakusgarri diren oinarrizko kontzeptuak baitira: intentsitatea eta oldarkortasuna lehia guztietan, aurkariak estu hartzeko; eta baloiaren jabetza bereganatzean, zuzen jokatu, gola azkar egitea bilatuz.

Era berean, beldurrik gabe jokatzea eskatzen die, eta horrela gainditu dituzte kanporaketak. Esaterako, Tel Aviveko Maccabi taldearen aurka sekulako balentria egin zuten. 1 eta 4 galdu zuten joaneko partida, baina itzuleran 1 eta 6 irabazi zuten luzapenean. Final-laurdenetan, berriz, penalti jaurtiketetan gailendu ziren, Fenerbache talde turkiarraren kontra.

Dena den, garaipen loriatsuena finalerdietan erdietsi zuten Unai Emeryk zuzentzen duen Aston Villaren kontra. Ingelesak Txapeldunen Ligan jokatzeko sailkatuta egon arren, greziarrek bi partidak irabazi zituzten. Ezustekoa eman zuten joanekoan etxetik kanpo (2-4), eta Pireon ere garaile atera ziren (2-0). El Kaaby aurrelari marokoarrak erakustaldia egin zuen. Taldeko golegile nagusia da txapelketa ezberdinetan, 32 gol sartuta.

Etxe ondoan arituko da Mendilibarren Olympiakos, Atenaseko AEKren zelaian, hain zuzen. Edonola ere, lehen aldia izango da Pireoko futbol taldea Europa mailako final batera iristen dena.

Parean izango duten Fiorentina, aldiz, Konferentzia Ligako txapeldunordea da. Iaz, Italiako Kopa ere galdu zuen, eta hogei urte baino gehiago daramatza titulurik irabazi gabe, azken hamarkadetan gorabehera ekonomiko handiak izan baititu.