GARA Euskal Herriko egunkaria
JOPUNTUA

Europarrak, harrotasunez


Arrazoi historiko franko direla medio, euskal herritar asko ez goaz munduan zehar europarrak garela esaten. Izan bagara, ordea. Kulturalki europarrak gara, Europaren barruan kultura aniztasun handia dagoela aitortuta ere. Politikoki ere Europar Batasuneko egituretan gaude ordezkatuta, Frantziako eta Espainiako estatuen bidez izan arren. Hala ere, europar identitatearen defentsa, gaur egun, Poloniako edo Hungariako nazionalismo xenofoboaren eskuetan geratu da eta identitate hori mehatxatuta dagoela baieztatu ohi dute, migratzaileen oinarrizko eskubideak urratzeko. Iduri lezake Europaren bandera ultraeskuindar amorratuek baino ez dutela haizatzen. Eta lotsatuta ikusten dugu zenbat kostatzen ari zaion Europar Batasunari Palestinaren auzi humanitario eta politikoari behar den bezala erantzutea.

Urrun eta arrotz sentitzen dugu sarritan Europa euskaldun ezkertiarrok, eta horrek eragiten du ekainaren 9ko hauteskundeetan abstenitzeko tentazioa gure buru gainean hegan ibiltzea. Hutsegite larria litzateke, nire ustez. Egun, estatu kapitalista boteretsu batzuen gotorleku huts gisa irudikatzen dugu Europar Batasuna eta, iraganera begiratuta, basakeria handien agertoki eta erantzuletzat jo behar da Europa: kolonialismo gupidagabea, gerra odoltsuak, holokaustoa... Alta, Europa gauza eder eta aurrerakoi askoren sorburua ere izan da: demokraziaren filosofia, langile klasearen askapenerako mugimenduak eta emakumeak ahalduntzeko sufragistak, adibidez.

Itzul diezaiogun izaera aurrerakoia, bestelako Europa baten eraikuntzari aukera emanez, abaroa izan dezaten bertan politikoki subirano izan nahi duten herriek, xenofobia bazter uzteak eta errefuxiatuen babesleku izateak, ultraeskuinak eskubide sexualei dien gorrotoari balazta sendoa ipintzeak eta nazioarteko politikan ahularen alde jarduteak. Sinets dezagun geure botoa eraginkorra dela, Europak eta munduak berak berdintasunera eta justiziara bidean aurrera egiteko. Harrotasunez esan ahal izateko euskal herritarrak eta europarrak garela.